Laudioko 25 artisten pieza banarekin osatuko dute KulturLaben erakusketa berria. Hilaren 23an, Laudioko jaien Baserritar egunean, egingo dute inaugurazioa eta herritarrentzat piezak ikusgai egoteaz gain, horiek erosi ere egin ahal izango dira. Izan ere, Elexalde 2. kalean kokatutako lokala egokitzeko obraren hurrengo fasea ordaintzeko baliatu nahi dute dirua.
Kulturzaleen Elkarteak adierazi duenez, hainbat dirulaguntzari esker lortu du KulturLabek bere proiektua aurrera eramatea. Dena den, laguntza instituzional horiek ez dituzte barne hartzen lokalak egokitzeko obren kostuak. Hori dela eta, hainbat bide bilatzen ditu sortzaile eta kulturzaleen kolektibo honek finantzaziorako, hala nola azoka eta merkatuak, liburu bilketak, herritarren borondatezko ekarpenak edota enpresen lankidetzak.
25 artista, 25 pieza
Erakusketa kolektibo berri honetan hainbat diziplinek elkar gurutzatuko dute. Izan ere, pinturaz, grabatuaz, eskulturaz, ilustrazioaz eta diseinuaz gozatu ahal izango dute hilaren 23tik aurrera Garaio burdindegia egon ohi zen lokalera hurbiltzen direnek.
Sortzaila laudioar hauek osatzen dute erakusketako partehartzaileen zerrenda: Marciano Barbero (Larra buztingintzak lagatuta), Karmelo, Nerea Apodaka, Mederi Ferreño, Conchi, Susana Corbella, Aitziber Duarte, Belén Herrero, Marisa Sanchez, Joserra Gastaka, Rebeca San José, Montse Gonzalez, Izaskun Alonso, Leire Orueta, Javier Jaén (Peke), Javi Herrero, Raúl Urkijo, Anabel Perez Aguado, Pedro Oyarzabal, Arantxa Escondrillas, Joserra Ais, Maied Urrutia, David Corbella, Xabi Gorostiaga, Marian Monje eta Luisan García.
Erakusketaren ordutegia
Irailaren 19ra arte egongo da erakusketa ikusgai. Gainera, nahiz eta bertan dauden obrak erosi, han geratuko dira ordura arte, eta amaitzean jasoko dituzte erosleek.
Honako hau izango da ordutegia:
- Ostegunetan: 12:00 - 14:00 eta 18:30 - 20:30
- Ostiraletan: 18:30 - 20:30
- Larunbatetan: 12:00 - 14:00 eta 18:30 - 20:30
- Igandetan: 12:00 - 14:00
Udazkenean gehiago
Behin uda igarota, baina, Goizane Rodíguez Muñoz laudioarraren erakusketa helduko da KulturLabera. Arte Historian lizentziatutako sortzaile honek 2022an berrartu zuen pintura eta hainbat erakusketa egin ditu jada. Urrian helduko da bere erakusketa monografikoa Laudiora.