Nola jaso zenuen pregoilaria izateko ardura eta Urrezko Guk Saria?
Ilusio handiz jaso nuen, egia esan. Era berean, ardura handia dela ere iruditzen zait, eta behintzat hori betetzea espero dut.
Nolakoa izan zen Urrezko Guk Sariaren gala? Zer azpimarratuko zenuke?
Oso polita eta hunkigarria izan zen. Belgorri taldea gurekin egon zen doinua jartzen, Iratxe Estradak primerako lana egin zuen, Marinak, Aiarako dantza taldeko kideak, aurreskua dantzatu zuen… Niretzat sinestezina izan zen dena. Nire familia eta lagunak bertan egon ziren, eta baita herriko jendea ere, eta hori izan zen garrantsitzuena. Dena bikaina izan zen.
Zelan doa pregoiaren prestaketa?
Hortxe doa, zalantza asko ditut eta gauza asko esan nahi ditut, benetan ondo egin nahiko nuke. Pixka bat urduri nago (barreak).
Zer dira zuretzat Amurrioko jaiak? Nola bizi dituzu?
Betidanik gogotsu, heltzeko irrikitan. Aste bat herriko jendearekin elkarbanatzeko eta ondo pasatzeko, berriz elkartzeko aukera bat da. Inoiz ez dakizu zeinekin amaituko duzun parranda, agian inoiz hitz egin ez duzun bizilagun hori zure lagun mina bilakatzen da gauaren amaieran. Hori asko gustatzen zait.
“Pregoiarekin zalantza asko ditut eta gauza asko esan nahi ditut, benetan ondo egin nahiko nuke”
Zure lanbidea ezegonkorra izan daiteke batzuetan, baina azkenaldian hainbat proiektu handietan parte hartzen ikusi zaitugu: Frantziako Tourra, Azkena Rockeko iruditegia… eta argitalpen garrantzitsuetan ere ikusi ditugu zure ilustrazioak, hala nola New Yorkeren edo New York Timesen. Uste duzu zure lekutxoa egin duzula industrian?
Bai, urte asko daramatzat lanbide honetan eta egonkortasuna izatea lortu dut. Lanbide arraroak dira jende askorentzat, baina ez dago alde handirik edozein lan autonomorekin. Inori ez zaio ezegonkortasuna gustatzen eta gehienek pentsatzen dutena baino errezagoa da. Guztiz bokaziozkoa, baina lanbide guztiek izan beharko luketen bezala.
Oso koloretsuak izateagatik nabarmentzen dira zure lanak. Zein izango litzateke Amurrioko jaien kolore-paleta?
Kuadrillen koloreak izango lituzke, egun eta gauarenak, haur eta helduenak, hango eta hemengokoenak... Paletako kolore gehienak!
Zer espero duzu aurtengo Amurrioko jaiez?
Mundu guztiarentzat atseginak izatea espero dut. Espero dut inor ez geratzea etxean norekin irteterik ez duelako, espero dut indarkeriazko egoerarik ez gertatzea.
Zer mezu bidali nahi diezu Amurrioko biztanleei?
Ondo pasatu, eta zure ondokoak aspertzen ari dela ikusten baduzu, anima itzazu!