AURRERAPENA

Kaos Etiliko, Zinkha, Walter Ego eta Periferia Latiorroko jaietan

Txabi Alvarado Bañares 2024ko abu. 6a, 06:00

Larunbateko auzo bazkaria izan ohi da jaien jarduerarik arrakastatsuenetako bat. / Aiaraldea.eus

Ohiko eskema mantenduko dute auzoko jaiek aurten, zenbait berrikuntza txertatuko dituzten arren.

Irailaren 13tik 15era ospatuko dira Latiorroko jaiak aurten. Oraindik ez dute behin betiko egitaraua plazaratu, baina hainbat kontu aurreratu dituzte antolatzaileek. Bi berrikuntza nagusi nabarmendu dituzte: “Latiorro eskolaren eta Jesuri Guraso elkartearen inplikazioa gora doa: ardo dastatzea antolatuko dute lehenengo aldiz ostiralean”, azaldu dute. Horrez gain, “larunbateko herri bazkariaren osteko orduak indartu” egingo dituzte baita ere, batukada eta txapel jaurtiketa antolatuta. 

Baina ez dira faltako ohiko jarduerak ere. Ostiralean familientzako ikuskizuna egongo da Traka Matrakaren eskutik, birziklatutako musika tresnak baliatuta. Larunbat goizean Elorritxuganera Mendi Martxa egingo dute. Irailaren 1etik aurrera irekiko dute izen ematea, Kirolprobak.com webgunean. Igandean, aldiz, ohiko marmitako txapelketaren XXXIII. edizioa egingo dute. 

Egungo jai batzordeak 10 urte bete ditu festaren antolakuntzan murgilduta.

Musika eskaintza

Musika eskaintzari dagokionez, ohiko eskema mantenduko dute, tokiko sortzaileei lekua eginez. Gauzak hala, ostiralean Zinkha talde aiaraldearra izango da oholtzara igotzen lehena, Kaos Etilikoren txanda izango da gero, eta DJ Teso laudioarra arduratuko da gaua ixteaz. 

Larunbatean aldiz, Walter Ego talde laudioarrak joko du lehenbizi, eta ondoren arituko da Periferia boskote kataluniarra. Jarraian, Gautaegun erromeria eta DJ Masa egongo dira, goizeko ordu txikiak arte. Gauargi erromeria, aldiz, igandea girotzeaz arduratuko da. 

Jai batzordeak 10 urte

Egungo jai batzordeak 10 urte bete ditu festaren antolakuntzan murgilduta. Kide berri ugari batu dira bidean, baina nabarmendu dute ongi etorria izango dela “belaunaldi berrien, ostalarien eta auzoko talde guztien parte hartzea”. Bi modu daude batzordera batzeko: mezua bidaltzea lateorroko.jaiak@gmail.com helbide elektronikora, “edo irailean auzora hurbiltzea”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide