Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko LAB atal sindikalak oharra plazaratu du salatzeko adimen desgaitasuna duten pertsonentzat Laudion irekiko den zentroa kudeatzeko lizitazio baimena onartu duela Arabako Foru Aldundiak.
Hortaz, sindikatuaren aburuz, “zaintza sistema duin eta publikoa garatzeko duen ardura alde batera utzi” du Aldundiak, eta “zaintza lanen merkantilizazioa bultzatzen jarraituko du”. Izan ere, enpresa pribatu batek kudeatuko du zentro, eta “zaintza zerbitzuekin etekin ekonomikoa” ateratzea ekarriko du horrek.
Era berean, LABek gogoratu du, gaur egun APDEMAK kudeatzen dituen bi etxebizitza baino ez daudela eskualdean adimen desgaitasuna duten pertsonentzat, eta horietako bat, Laudiokoa, itxi egingo da zentro berria zabaltzean, oztopo arkitektonikoak direla eta.
Zabaldutako oharraren bidez, GOFEko LABek “pribatizazioarekin bukatzeko” eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Ildo horretan ere, neurriak hartzeko deia egin dio sindikatuak Aldundiari, zaintza duina bermatzeko zein enpresa pribatuen negozioarekin bukatzeko.
Zentro berriaren lanak aurrera doaz
Bien bitartean martxan daude Ostegieta plazan kokatuta dagoen higiezinaren obrak. Eraispenarekin amaitu ostean, igeltserotza eta instalazioak prestatzeari ekin zitzaien duela aste batzuk.
Gorka Urtaranek, Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak, Laudion egon zen obrak kronogramaren arabera egiten ari direla baieztatzeko.