ERREPORTAJEA

Jose Mari Belaustegigoitia, zilarrezko domina eskuratu zuen Laudioko futbolaria eta mito sortzailea

Aitor Aspuru Saez 2024ko abu. 9a, 10:00

Jose Mari Belaustegigoitia, artxibo irudi batean.

Jose Mari Belaustegigoitia Athletic Clubeko jokalari laudioarrak Joko Olinpikoetako domina lortu zuen 1920an, Belgikan jokatutako edizioan. Bere parte hartzea, gainera, erabakigarria izan zen torneoan eta mitoa sortu zuen Suediaren aurkako partidan egindako golagatik.

Jose Mari Belaustegigoitiak mitologia zabala dauka bere inguruan eta kontrako aldeek sortuta, gainera. Izan ere, Belaustegigoitia Landaluze familiako kidea abertzale sutsua izan zen, baina Espainiako Selekzioa eraman zuen 1920an zilarrezko domina eskuratzera Belgikan izandako Joko Olinpikoetan.

Hain zuzen, egunkariek berari esker asmatu zuten “La furia roja” kontzeptua, eta nahiz eta espainolismoak urte luzez zukutu duen propaganda hori, ustezko sortzailea, hau da, Jose Mari Belaustegigoitia bera, mitoa gezurtatu zuen modu anitzetan. Ez soilik "amorru gorriko" bertsio fundazionala gezurtatu zuelako. Horrez gain, ez zen batere espainiarra sentitzen; abertzalea eta euskaltzale amorratua baitzen.

Athleticeko jokalarien familia

Laudioarra izanik ere, Belaustegigoitia Landaluze familiak Athletic Clubeko bost jokalari eman zituen: Benigno, Jose Mari, Santiago, Ramon (kazetaria bigarren Mundu Gerran eta Sandinoren ezaguna, gainera) eta Patxo. 

Hemen ikusi daitezke Ramon eta Jose Mari Belaustegigoitia:

Guztien artean ospe handien izan zuena Jose Mari bera izan zen. Futbol zelaian ezagutzea aski erraza zen. 1,93 metroko altuera zuelako eta buruan lau korapilotan jasotako zapiarekin jokatzen zuelako. Presentzia fisikoa eta aireko jokoa menperatzeko gaitasuna izan ez ezik, trebea zen ere erdigunean jokoa banatzen, eta horrek guztiak Belgikako Joko Olinpikoetara eraman zuen 1920an.

Berez, espainiar selekzioko lehen kapitaina izan zen eta, historia urratzen aurretik hasi bazen ere, 1920ko abuztuaren 28an hasi zuen bere ibilbide olinpikoa. Egun horretan berak lideratutako taldeak 0-1 irabazi zion Danimarkari eta, gainera, bere taldeak egindako gol bakarra bere botetan hasi zen, Jose Marik lapurtutako baloi batean sortu baitzen aukera. Gogoratu beharra dago Danimarkako taldeak domina olinpikoak zituela jadanik eta selekzio espainiarra, ordea, lehen aldiz lehiatu zela.

Garai horretan futbola kirol basatia zen eta danimarkarrekin hamaika kolpe eman eta jaso eta gero, Belaustegigoitiak atsedena hartu behar izan zuen, ubelduraz beteta baitzegoen. Horren ondorioz, hurrengo egunean jokatutako partida galdu zuen eta talde espainiarrak porrot egin zuen etxekoen aurka. 3-1 irabazi zien Belgikak.

“La furia roja”-ren jaiotza

Jose Mari Belaustegigoitiari zor zaio talde espainiarren adorea goraipatzen duen kondaira ironikoa (azken finean, espainiarrek txapelketak lortu dituztenean tiki-taka jokoa baliatu dute, eta ez indarra).

Izan ere, irailaren 1ean bere taldekideek suediarren aurka neurtu zituzten indarrak giro beroan. Hain zuzen, suediarrek iragarri zuten Joko Olinpikoak utziko zituztela abuztuaren 31n, ez zeudelako ados Herebehereen aurka izandako epaile lanagatik.

Iragarpen horren ostean, eta euren aurkariak izan behar zirenez suediarrak, Espainiako selekzioko jokalariek erabaki zuten bazkaria egitea, ospatzeko aurrera egingo zutela txapelketan, baina otordua amaitzear zegoela heldu zitzaien albistea: Suediako taldeak jokatuko zuen azkenean. Eta egun horretan egin nahi zuen, gainera.

Jose Mari eta bere kideak sutan jarri ziren eta, gutxienez, lortu zuten norgehiagoka hurrengo egunera atzeratzea. Hala eta guztiz ere, futbol zelaira atera zirenean, kirol esparrua guda zelai bilakatu zen eta futbolarien arteko talkak berehala piztu ziren. Kolpe entsaladaren erdian, falta bat seinalatu zuen epaileak kamiseta gorriko taldearen alde eta kondairak dioenez, Jose Mari Belaustegigoitiak bere taldekide Sabinori (Athleticeko jokalaria bera ere) esan omen zion: “Niri pilota, aurretik eramango ditudala” (“Sabino, a mí el pelotón que los arrollo").

Segundo gutxitan, baloia airean zegoen eta Jose Mari ere. Pilota bularrarekin jaso zuen area txikian eta suediarren atean sartu zuen, zenbait atzelari eta atezainarekin batera.

Laudioarrak gehienetan ukatu zuen esaldi hori esan izana. Bere aburuz, "Sabino, aurrera" esan zuen. Baina kazetari batek behin jasota, lege bilakatu zen eta "La furia roja"-ren asmakizuna ekarri zuen. 

Karanbolak domina eskuratzeko

Partida bat galduta, ematen zuen espainiar selekzioak bosgarren postua eskuratuko zuela (garai horretan kanporaketak eta sailkapenak beste modu batean egiten ziren), baina zortea Jose Mari eta bere lagunen alde jarri zen.

Irailaren 2an Italiari irabazi eta gero, ezuste galanta hartu zuten. Txekoslovakiako selekzioak finala utzi zuen. Ez zuten partida amaitu, argudiatuta epaileak oso gogor jokatzea baimentzen ziela anfitrioei (hau da, Belgikako taldeari).

Horren ondorio nagusia izan zen txekoslovakiarren kaleratzea eta zilarrezko domina Herbeheren eta Espainiaren artean jokatzea. 3-1 gailendu ziren Belaustegigoitia eta bere kideak eta eurentzat izan zen zilarrezko domina.

Garai mitikoen jokalaria

Futbola mundu mailako ikuskizuna bilakatu baino lehen, aro mitikoa egon zen. Game of Thronesen bezala dragoiekin, paper gutxi batzutan eta ahoz aho zabaldu dena baino ez da geratzen. Ez dago horien grabaketarik eta batzutan jasotako irudiak ez dira ezta argazkiak (Pichichiren koadroa, esaterako).

Arrate eta Jose Mari Belautegigoitia. Real Sociedad eta Athletic Clubeko bi kapitain mitiko. Aurkariak zelaian, lagunak kanpoan:

Urte horietan izan zen izar distiratsua Jose Mari Belaustegigoitia. Liga existitu baino lehen, eta San Mames bera errealitatea izan baino lehen hasi zen laudioarra Athletic Cluben jokatzen.

Are gehiago, Athleticek lehenengo aldiz marra gorri eta zuriko kamiseta jantzi zuenean, laudioarra egon zen hamaikakoan, 1910ean. San Mames estreinatu zenean, han ere egon zen Belaustegigoitia.

Jose Mari Belaustegigoitia San Mamesen inaugurazioan:

1910ean, 1911n, 1914an, 1915ean, 1916an eta 1921ean txapelketa nazionalak irabazi zituen España FC, Madrid FC eta Español de Barcelonaren aurka.  Azken talde hori horrela izendatu zuten futbola atzerritarren kirola zelako eta Bartzelonan estatu espainiarreko jokalariak talde horretan batzen zirelako.

1910ean txapelduna izan zen Athletic Clubeko taldea:

Gainera, Rafael Moreno ‘Pichichi”-ren taldekide eta laguna izan zen aiaraldearra eta lur jota geratu zen golegile famatua intoxikazio baten ondorioz gazte hil zenean.

Pasadizo bezala, Ameriketan bolada benetan bitxia bizi izan zuen, podcast honetan aipatzen denez:

Konpromiso politikoa eta erbestea

Baina Jose Mari Belaustegigoitia ez zen dimentsio bakarreko gizona. Amorrua sortzen zion gutxitan aipatzen zela abokatua zela eta abertzale eta euskaltzale militantea ere bazen.

1922an ihes egin behar izan zuen lehenengo aldiz atzerrira, Espainiako batasuna zalantzan jartzeagatik Bilboko ekitaldi batean egindako hitzartze batean. “Muera España” oihukatu zuen bere anai batek publikoaren artean bere hitzak entzutean.

Fededuna eta jeltzalea, 1930ean, ordea, ANV-EAE alderdiaren sortzaileen artean egon zen. Erakundeak une horretara arte abertzaleek egindako bidea agortutzat jo zuen eta pentsamendu laikoa eta ideia ezkertiarrak bultzatzeari ekin zion, gizartearen sektore gehiagora heltzeko asmoz.

Gauzak horrela, 1937an Bilbo utzi eta erbestera jo zuen berriro. Kubatik igaro zen lehenik eta behin eta Mexikora heldu zen gero. Han bizi izan zen hil arte 1964n, baina, zorionez, Laudiora itzuli zen hori gertatu baino lehen, 1955an eta 1963an.

Oharra: Artikuluaren irudi guztiak zein informazio gehiena Carlos Bacigalupe kirol kazetari eta athleticzalearen "Belauste. El caballero de la furia" liburutik aterata dago. Bacigalupe 2017an hil zen eta Athletic Clubari buruzko hainbat ikerketa egin zituen, besteak beste.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide