"Kuadrillarik gabe ere existitu ziren eta existituko lirateke sanrokeak, baina ez lirateke gauza bera izango"

Maider Ramirez Martin 2024ko abu. 12a, 13:42

TXINDOKI da aurten Laudioko jaietan estreinatuko den kuadrilla berrietako bat. Bertako kidea den JULEN PAGAZAURTUNDUArekin hitz egingo dugu festei begira dituzten asmoen inguruan.

Nondik dator zuen kuadrillaren izena?

Duela urteak Ikastolako, Latiorroko, Lamuzako eta La Milagrosako gazte batzuk elkartu ginen elkarrekin lokala alokatzeko asmotan. Lehenengo lokala Arbol Malato kalean eduki bagenuen ere, bigarrenak, Latiorroko Txindoki kalean alokatu genuenak, eman zion izena gure kuadrillari: Txindoki.

Zein da jaietako egunik onena? Zergatik?

Oso galdera zaila da erantzuten. Txupinazoaren eguna, Kuadrillen eguna, Baserritar eguna, Odoloste eguna… denak dira onak. 

Bat aukeratu behar izatekotan, Baserritar eguna aukeratuko genuke, baina ez egitarauarengatik, aspalditik egun horretan kuadrillako baten txokoan egiten dugun bazkariarengatik baizik. Urteek aurrera egin ahala, lana dela, familia dela, gero eta zailagoa da hogeiok elkar ikustea, baina bazkarira inork ez du hutsik egiten.

Zergatik erabaki duzue Jai Batzordean parte hartzea?

Urteak generamatzan zalantzan, eta pasa den urteko sanrokeetan erabaki genuen pausoa emango genuela. Gu guztion herria da, eta jaietan orain arte murgildu garena baino gehiago murgiltzeko motibazioa da.

"Ekintza asko dira gogoko ditugunak. Txupinazoaren eguneko gosaria, Kuadrilla eguneko bazkaria eta Zoroak kuadrillak antolatutako Muturreko Herri-Kirolak, besteak beste. Argi geratzen da jatea eta edatea gustatzen zaigula, ezta?"

Egitarauko zein ekintzetarako zaudete gogotsuen? Zergatik?

Egitaraua oso zabala da, eta ekintza asko dira gogoko ditugunak. Txupinazoaren eguneko gosaria, Kuadrilla eguneko bazkaria eta Zoroak kuadrillak antolatutako Muturreko Herri-Kirolak, besteak beste. Argi geratzen da jatea eta edatea gustatzen zaigula, ezta?

Zein uste duzue izango dela txosnetan gehien entzungo den abestia?

Isabel Aaiunen Potra Salvaje.

Zein duzue gustukoen: bafle-poteoa, batukada edo elektrotxaranga?

Ia edozerk balio digu, baina, egia esan, oso elektrotxaranga zaleak gara. Giro ona sortzen dute eta, gutxi egiten badugu ere, abesteko eta dantzatzeko aukera ematen digute.

Zerk egiten ditu Laudioko jaiak berezi?

Kuadrillok egiten ditugu Laudioko jaiak berezi, Laudioko gazteon antolakuntzak eta parte hartzeak. Kuadrillarik gabe ere existitu ziren eta existituko lirateke sanrokeak, baina ez lirateke gauza bera izango. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide