"Gastronomia txapelketan parte hartzeko irrikitan gaude"

Maider Ramirez Martin 2024ko abu. 13a, 06:30

AZTARNAK kuadrillako kideentzat ere aurtengoa izango da lehenengo urtea Suziri Jai Batzordearen barruan. Euren asmoei buruz mintzatu dira.

Nondik dator zuen kuadrillaren izena?

Esan ahalko genuke: “Pentsatu genuen izenak nolabaiteko aztarna utzi behar zuela eta, orduan, Aztarnak izena jartzea erabaki genuen…”. 

Baina, egia esanda, gure kuadrillaren izenak ez dauka misterio handirik. Kuadrilla moduan jardutea erabaki genuen momentutik izen bat pentsatu behar genuen eta taldeko kide batek komunean zegoela “Aztarnak” aipatu zuen, guztiok onarpena eman genion eta aurrera! Egia da asko kostatu zitzaigula erabakitzea.

Zein da jaietako egunik onena? Zergatik?

Jai-kuadrilla bat garen heinean, Kuadrillen Eguna esan beharko genuke; izan ere, egun hori kuadrillentzako dago prestatuta. Hala ere, gure ustez, Odoloste Eguna berezia da, hain zuzen ere, tradizio aldetik garrantzi handiena duena delako. Dena den, guretzat ez dago egun berezirik: Laudioko jaiak bere osotasunean ez lirateke horrela izango egunen bat faltako balitz.

Zergatik erabaki duzue Suziri Jai Batzordean kuadrilla moduan  parte hartzea?

Aztarnak kuadrillaren parte hartzearen jatorria beste kuadrilletan dago. Goraipatu behar dugu aurreko urteetan zehar beste kuadrillek egindako lana. Hori da Laudioko jaien oinarria eta agerian utzi dute ondo pasatzeko ezinbestekoa dela kuadrilla moduan jardutea. Beraz, jaiak beste ikuspuntutik bizitzeko, Aztarnak kuadrilla sortu dugu. Gainera, Jai Batzordeak etengabeko berrikuntza izan behar du, baina uneoro betiko kuadrillak eta haien ahalegina errespetatuz.

"Goraipatu behar dugu aurreko urteetan zehar beste kuadrillek egindako lana. Hori da Laudioko jaien oinarria eta agerian utzi dute ondo pasatzeko ezinbestekoa dela kuadrilla moduan jardutea"

Egitarauko zein ekintzetarako zaudete gogotsuen? Zergatik?

Kuadrilla berri moduan esango genuke, sanpedropekoetan bizitako esperientziaren ondorioz, gastronomia txapelketetan parte hartzeko irrikan gaudela. Momentuz gainontzeko ekitaldiak ezagutu eta probatu behar ditugu erantzun zehatza emateko.

Zein uste duzue izango dela txosnetan gehien entzungo den abestia? 

Oraindik denbora falta da hori jakiteko, baina uste dugu Potra Salvaje abestia izango dela, eta, bide batez, aipatu nahi dugu ez dugula batere gustuko.

Zein duzue gustukoen: bafle-poteoa, batukada edo elektrotxaranga?

Guretzat batukada da onena. Komunitatea beste ezerk bezala batzen du. Eskaintzen duen esperientzia fisiko eta emozionala izugarria da, energia handia transmititzen duelako bere estilo musikalarekin. Hala ere, elektrotxarangak eta bafle-poteoak ere indarguneak dituzte. Izan ere, berritzaileak eta modernoak dira. Azkenean, dena norberaren gustuen eta bilatzen duzun esperientzia musikalaren araberakoa da.

Zerk egiten ditu Laudioko jaiak berezi? 

Laudioko jaietako berezitasuna kuadrillen lankidetzatik dator. Jaien mamia ez dator ekitaldietatik, baizik eta kuadrillek eta biztanleria osoak ekitaldi hauek hartzeko modutik. Hau da, herriak duen jarrera esango genuke dela Laudioko jaiak bereziak egiten dituen ezinbesteko faktorea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide