Tresna berriak jarriko dituzte martxan aurten Laudion eraso matxistei aurre egiteko. Azken urteetan Laudioko Mugimendu Feministak kudeatu du erasoak salatzeko telefonoa. Aurten, aldiz, Laudioko Udaleko Gobernantza Feministaren sailak hartu du zerbitzu hori atontzearen ardura. Hala ere, bertara deitzen duten pertsonek aukera izango dute mugimendu feministarekin zuzenean harremanetan jartzeko, hala eskatuz gero. 635 703 855 izango da telefono zenbaki hori eta 24 orduz egongo da funtzionamenduan, jaietako egun guztietan. "Arreta psikologiko espezializatua bermatuko da, eta egunean zehar aurrez aurreko arreta eskainiko da", azaldu du Nagore Gomara zinegotziak.
Erasoren bat jasan dutenek 635 703 855 telefonora deitu ahalko dute
Ekimen gehiago
Horrez gain, indarkeria matxistarik gabeko "Beldur barik" gunea egongo da jaietan, Batzalarrin kalean. Abuztuaren 15ean 11:30etik 14:30era egongo da. 22an eta 24an, ordea, 19:00etatik 22:00etara jarriko dute. Ikusgunek ere karpa jarriko du hilaren 21ean toki berean, "udalerriko LGTBI+fobiaren erradiografia lortzeko". 19:00etatik 22:00etara egongo dira bertan elkarte horretako kideak.
Horrez gain, mugimendu feministatik baloratzen ari dira bestelako tresna batzuk ere martxan jartzea jaiei begira. Indarkeria matxistaren lau kasu salatu zituen eragileak iazko sanrokeen lehen orduetan. Horren aurrean, "espazio seguru eta gozagarriak" sortzen jarraitzeko deia luzatu zuten.