Bi egun daramatzate Laudioko kuadrillek jaietan herrian zehar eurekin eramango dituzten pankartak prestatzen. Goiz eta arratsaldez baliatu dute Aldai Plazako karpa euren diseinuak egiteko, eta dagoeneko jai giroa arnastu daiteke bertan.
Askotariko diseinuak prestatu dituzte, eta gaiei dagokienez, urtean -eta batez ere udan- zehar jazotako gertakizunik nabarmenenak irudikatzen dituzte, jaiekin lotura emanez betiere. Inside-Out 2 filmaren pertsonaiak, Puigdemonten ihesaldia, Joko Olinpikoen une nabarmenduak, Abastos plazako ezkien mozketa, Nerbioi ibaiko lanak eta Osakidetzaren eta eolikoen auzia dira, besteak beste, kuadrillek aukeratutako gaiak.
Bihartik aurrera ikusi ahal izango dituzte herritarrek pankarta guztiak, goizean goizetik aterako baitituzte, 10:00etan Baldarrak kuadrillak prestatutako gosaritik hasita.