"Aurten kuadrilla bezala gure debut ofiziala denez, irrikitan gaude txupinazorako"

Maider Ramirez Martin 2024ko abu. 14a, 15:03

BASAPIZTIAK kuadrillako kideentzat ere bereziak izango dira aurtengo Laudioko jaiak, talde moduan parte hartuko duten lehen aldia izango delako. Eurekin hitz egin dugu biharko txupinazorako eta datozen egunetarako dituzten aurreikuspenen inguruan.

Nondik dator zuen kuadrillaren izena?

Kuadrilla moduan izan genuen lehenengo eztabaida izena izan zen,  ez baikinen ados jartzen. Hainbat aukera jarri genituen mahaigainean baina asko beste kuadrillak zeuzkatenen antzekoak ziren eta, azkenean, Basapiztiak etorri zitzaigun burura. Goazen telesailean agertzen den taldearen izena da, eta ikaragarri gustatu zitzaigun, gauean parrandan ordu txikiak arte igarotzen baitugu.

Zein da jaietako egunik onena? Zergatik?

Guretzat txupinazoa da gogotsuen hartzen dugun eguna, urte osoa daramagulako une horren zain. Gainera, aurten kuadrilla bezala gure debut ofiziala denez, irrikitan gaude.

Zergatik erabaki duzue Jai Batzordean parte hartzea?

Txikitatik ikusi dugu Jai Batzordeak herritik eta herriarentzat egin duen lana zenbait arlotan eta, guk ere gure aletxoa jarri nahi genuenez, sartzea erabaki genuen, kuadrilla berri bat sortuz. 

"Kuadrillek antolatzen dituzten jokoak izango lirateke gehien erakartzen gaituztenak; ikusleak izateari utzi eta, lehen aldiz, kuadrilla gisa parte hartuko dugulako"

Egitarauko zein ekintzetarako zaudete gogotsuen?

Egitarauko ekintza askotarako gaude gogotsu, baina kuadrillek antolatzen dituzten jokoak izango lirateke gehien erakartzen gaituztenak; ikusleak izateari utzi eta, lehen aldiz, kuadrilla gisa parte hartuko dugulako. Guztietan primeran pasako dugulakoan gaude, denon artean barre asko egingo dugulako.

Zein uste duzue izango dela txosnetan gehien entzungo den abestia?

Potra Salvaje asko entzuten ari den abesti bat da eta aitortu behar dugu gu ez garela abesti horren fan amorratuak, baina ohituko gara. Eta euskaraz, Bollikau eta Gaupasa, oso ezagunak ez diren arren, asko gustatzen zaizkigu eta, gu txosnagunean bagaude, ziur abesti horiek eskatuko ditugula.

Zein duzue gustukoen: bafle-poteoa, batukada edo elektrotxaranga? 

Bafle-poteoa eta elektrotxarangak asko gustatzen zaizkigu. Izan ere, herritik mugitu eta jendea animatu egiten dituzten ekintzak dira eta, aurten, askoz gehiago biziko ditugu barrutik.

Zerk egiten ditu Laudioko jaiak berezi?

Azkenean Laudion betidanik bizi izan gara eta txikitatik jaiak gertu bizi izan ditugu. Oso berezia da guretzat kuadrilla moduan bizitzea eta hainbeste urteetan zehar ikusi duguna barrutik bizitzeko aukera izatea. Gogo handia dugu aurten eta datozen urteetan jai ederrak bizi eta antolatzen jarraitzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide