Laudioko Ezka kaleak itxura berritu du eta oinezkoentzat da dagoeneko

Maider Ramirez Martin 2024ko abu. 19a, 11:13

Kolorez bete dute kaleko asfaltoa. / Aiaraldea.eus

Uztailean erabaki zuten zonalde horretako bizilagunek kaleak izango zuen diseinua. 

Uda hasieran jarri zituzten martxan Laudioko Ezka kalea oinezkoentzat atontzeko lanak, eta dagoeneko amaitu dira. Laudioko Udalak adierazi duenez, inguruko merkataritza eta tokiko ekonomia bultzatzea zen ekimen honen helburua. Izan ere, Merkataritza Mahaian adostu zen proiektua eta “Laudioko Apill merkatarien eta ostalarien elkartearen eskaera historiko bati” erantzuten dio.  

Udalak azaldu duenez, herritarrentzat “gune atsegin eta erakargarria sortzea” izan da Laudioko erdigunean dagoen kale hau oinezkoentzat jartzearen xedea. Izan ere, tokiko erakundearen aburuz, modu honetan “bizitza kalera itzultzen da, sarbidea erraztuz eta inguruko saltokietarako zirkulazioa handituz”.

Uztailean egindako saio ireki batean auzokideek kaleko zoruak izango zuen irudia erabaki zuten. Proposatutako bost diseinuen artean, forma geometrikoak eta koloreak uztartzen dituen hau hautatu zuten, Taika enpresak sortutakoa. Gainera, Laudioko jaiak amaitzean, zoruko diseinuarekin bat egiten duten modulu batzuk jarriko dituzte bertan, “elementuen arteko espazio harmoniatsua” eratzeko. 

Zabaldutako oharrean, Udalak gogorarazi nahi izan du “gune berri honen funtzionamendua udalerriko oinezkoentzako gainerako guneetan aplikatu beharreko arau berberen arabera arautuko dela. Halaber, urtarrilean prozesua baloratzeko bilera bat deituko dutela ere iragarri du.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide