Dena ez da parranda hutsa izaten ari Laudioko jaietan. Kirolak ere izan zuen tokia asteazkeneko Berakatz egunean, Ganbegi Hockey Taldearen eskutik. Egun osoko topaketa antolatu zuten Laudioko klubeko kideek. Goizean 3X3 Hockey Txapelketa egin zuten Lamuza parkeko erabilera anitzeko kantxan. Arratsaldean, aldiz, Gardeako kirolgunera mugitu ziren, XXVII. Sanroke Hockey Txapelketa jokatzeko.
Arratsaldeko norgehiagokan 8 talde aritu ziren, eta berdinketarekin amaitu zen finala. Ondorioz, penaltietan ebatzi zen norgehiagoka, 'Luiaondo' taldea 3-1 gailenduta.
Guztira, 80 kirolari baino gehiago aritu ziren goiz zein arratsaldeko partidetan, "denak herrikoak edo ingurukoak". Antolatzaileek zehaztu dutenez, talde guztiak izan ziren mistoak, eta "jokalari federatuen kopurua mugatu" zuten. Izan ere, txapelketa izan arren, ekimenaren helburua ez zen izan lehia sustatzea, herritarrak kirolera gerturatzea baizik. "Amaieran babesle eta laguntzaileei eskertu genien laguntza eta babesa, eta sari guztiak zozketatu genituen. Ez zen sari berezirik eman txapeldunak izateagatik", nabarmendu dute.
Argazkiak: Ganbegi Hockey Taldea