Ez da medikurik egon ostegunetik ostiralera bitarteko gauean Laudioko Zainketa Intentsiboetarako Unitate (ZIU) mugikorrean, eta horrek ondorio zuzenak izan ditu. Hala adierazi diote zenbait osasun langilek Aiaraldea Komunikabideari, eta bi kasu zehatz aipatu dituzte.
Alde batetik, gizon batek bihotzekoa izan du eta Bilboko ZIU mugikorra iritsi arte itxaron behar izan du. Osasun langileek nabarmendu dute horrelako kasuetan minutu oro dela berebizikoa, geroz eta denbora gehiago pasatu orduan eta sekuela gehiago geratu daitezkeelako bihotzean.
Bestetik, beste gizon batek bihotz-gelditze bat izan du bere etxean, eta kasu horretan ere Bilboko ZIUa joan behar izan da bera artatzera.
Mediku gabezia nahiko arazo kronikoa bilakatzen ari da uda honetan Aiaraldean. Iragan astean 24 mediku txanda zeuden betetzeke Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan abuztu eta irailerako.