Amaitu dira Laudioko jaiak. Atzo gauean ehunka lagun bildu ziren Erroketxuren kalejiran. Herriko plazan amaitu zuten ibilbidea; eta bertan, ohikoan bezala, su eman zioten San Roke santuaren txakurra irudikatzen duen panpinari.
Hori baino lehen, baina, musikari eman zioten tartea. Alde batetik, aurtengo azken notak eskaini zituzten gaiteroek, pregoilari gisa bete duten lana borobilduz. Bestetik, txakurraren omenez kantatu zuten herritar guztiek batera. Iaz sortu zuten kantua, Agure zaharra abestiaren doinua baliatuta:
Beste jai batzuk joan dira
kalean ospatuta,
ta Erroketxu etorri da
agurra jasotzera.
Altxa kandelak eskutan
suak argitu dezan
tristura ta pena
ordez plaza osoa dantzan.
AGUUUUUUR LAUDIOKO JAIAK,
BESTE URTE BAT PASA DA
ZAHAR EDO GAZTE, LAUDIOARREK,
GOZATU DITUGUNAK.
HURRENGOEN ZAIN BAGERA
EMAN DIEZAGUN ITXIERA
DENOK BATERA, PUTZ EGIN
TA KANDELAK ITZALITA!