Laudioko Udaleko gobernu taldeak oharra plazaratu du salatzeko iragan asteko ostegun gauean ez zegoela medikurik Laudioko ZIU mugikorrean eta horren ondorioz herritar bat zendu zela.
Honela adierazi du Laudioko alkate Ainize Gastakak: “Egoera onartezina da. Berriz ere herritarren bizitzak arriskuan jartzen dituzten politiken ondorio tamalgarriei aurre egin behar diegu Laudion. Momentu hauetan egoera lazgarri hau pairatzen ari diren familien ondoan jartzen gara, beraien dolua herritar guztiona bilakatu da, are gehiago herriko jaiak ospatzen ari garen egun seinalatu hauetan”.
Era berean, atzoko Udal Osoko Bilkuraren hasieran, alkateak tartea eskaini zion berriz ere egoeraren berri emateari, eta bertatik, doluminak eman zizkien zendutako herritarraren senide eta gertukoei.
Eskualdeko mobilizazioa, ostegunean
Gertatutakoa salatzeko, eskualdeko mobilizazioa deitu du SOS Aiaraldea plataformak. Ostegun honetan izango da, 19:00tan, Laudioko Herriko plazan.
