Laudio da Arabako herririk itsusiena?

Txabi Alvarado Bañares 2024ko abu. 27a, 21:13

Atzo Zubiko Malekoia taberna gunetik egin zuten zuzeneko emisioa. / Aiaraldea.eus

Laudio da Arabako herririk itsusiena, Viajar aldizkariak adimen artifizialarekin eginiko zerrenda baten arabera. Baina, badu funtsik baieztapen horrek?

Zeresana eman du Viajar aldizkariak berriki plazaratutako zerrendak. Agerkari horrek adimen artifiziala baliatu du Espainiako Estatuko probintzia bakoitzeko herririk itsusiena identifikatzeko. Zerrenda horren arabera, Laudio dago lehen postuan Araban. 

Albistea sanrokeen azken txanpan iritsi zen laudioarren belarrietara, eta sare sozialetan nahikotxo zabaldu zen herriaren izena dakarren mapa. 

Atzo gauean, aldiz, telebistara egin zuen salto auziak. ETB2 kateak gaia jorratu baitzuen RH+ saioaren lehen atalean. Gorka Aginagalde aktore eta umoregileak aurkezten du programa hori, eta aktualitateko gaiak umorez jorratzea du helburu. 

Herri itsusienaren gaia lantzeko, zuzeneko konexioa egin zuten Laudioko sozializazio gune esanguratsuenetako batetik (jende gaztearen artean bereziki): Zubiko Malekoitik, alegia. Bertan, Goiatz Dutto musikariak modu sutsuan defendatu zuen bere sorterria. “Etorri dadila adimen artifiziala hona txupinazoa ospatzera”, bota zuen Moonshine Wagon taldeko bibolin-joleak hainbat herritarren animo oihuen artean, “etorri dadila adimen artifiziala Markesaren parkea ikustera, 79 zuhaitz espezie baino gehiago dituena. Laudioko jaiak ditugu, Latiorrokoak, Ugartekoak, Santa Luziakoak… Bilbora joan zaitezke oinez Ganekogortatik, Nerbiotik gabarra bidez, tren bidez, autoz…”. "Giroa behintzat ez zaizue falta", ondorioztatu zuen Aginagaldek platotik.

Baina, umoretik harago, badu funtsik herri itsusienen sailkapenak? Viajar aldizkariaren arabera, adimen artifizialak berak azaldu du zein irizpide baliatu dituen hautaketa egiteko: “Leku horietako bakoitza hainbat faktorerengatik hautatu da: hiri-garapen desordenatua, erakargarritasun turistikorik eza edo, besterik gabe, inguruko beste herri batzuen edertasunak itzala egiten dielako. Hala ere, balorazio horietako asko subjektiboak eta eztabaidagarriak dira; izan ere, horren ederrak ez diren tokiek ere beren xarma izan dezakete bestelako esperientziak bilatzen dituztenentzat”.

Hiri-garapen desordenatua bada Laudiok historikoki pairatu zuen zerbait. Hiri antolamendurako lehen plana ez zen 1970. urtera arte onartu, eta herriak bere biztanleria boskoiztu zuen 1940tik 1977ra bitartean, herriaren industrializazioaren eraginez. Herri industriala izan da Laudio historikoki, progresiboki desindustrializatzen joan dena 1980. hamarkadatik hona, eta horrek erosio zein orbainak sortu ditu herrian, eta ez soilik estetikari dagokionez. 

Horrez gain, beste pertsona batzuk argudiatu dezakete Laudion gabezia nabarmena duela ondare historikoaren aldetik. Herrian ez dago “alde zaharrik” eta dauden eraikin gehienak XX. mendean eraikitakoak dira. Hala ere, badaude horri kontra egiteko argudioak. Hor daude, adibidez, Lamuza parkea eta bertako eraikinak, bizilagunek abiatutako protestei esker zaharberritu direnak; edota Ermualde eta inguruko espazio natural guztia.

Baina bai, agian bada egia, aipatutako faktoreen eraginez, Laudio ez dela bereziki “postaleko herria”. Baina agian ez du ezta izan behar. Goiatz Duttok esan bezala, seguraski,  bestelako gauza batzuek egiten dute Laudio berezi, ondare immaterialago batek, herritarrek eta herritarren arteko harremanek osatutakoa; eta zorionez, adimen artifiziala ez dirudi gai denik (oraindik) horiek ranking batean sailkatzeko. 

Erlazionatuak

INKESTA

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide