Altzarrate futbol taldea Euskal Ligan arituko da 2024-2025 denboraldian. “Ilusioz” eta “gogo handiz” hartu dute erronka, Jon Aspuru entrenatzailearen esanetan, “oso maila polita eta zorrotza delako”, eta “maila handiko aurkariak eta zelaiak” bisitatuko dituztelako.
Hala ere, kirol arloan “denboraldi zaila” izango dela jakitun da Aspuru: “Orain, Euskal Ligako kategoria defendatzea egokituko zaigu, jokalari gazteekin eta ia esperientziarik gabe, ilusio eta lan handiagatik ordezkatu beharko duguna”.
Beraz, denboraldirako helburua argia da: “mailaz ez jaistea eta jokalari gazteak trebatzen jarraitzea hurrengo urteari begira, Euskal Ligan ere bai, ahal bada”.
Denboraldiaurrea abuztuaren 5ean hasi zen, eta 25era arte 7-8 jokalari besterik ez dituzte izan entrenatzeko, jaien, oporren eta Euskal Ligan jokatuko zutela hain berandu jakitearen ondorioz. Irailaren 8an, baina, lehenengo partida izango dute Hernaniren kontra, eta maiatzera bitarte 34 partidu jokatuko dituzte guztira.
Astelehenean egin zuten Altzarrate taldearen aurkezpena Euskal Ligan. Partida bakarra izan zen, denboraldiaurreko lehen partida, eta Laredoko neskak izan zituzten gonbidatu. 1-4 galdu zuten, “emaitza nahiko handia partida izan zenerako”, Aspururen hitzetan, eta “ia entrenatu ez arren, gauza onak ikusi ziren, indarra izan genuen bitartean”. Aspuruk aitortu du “entrenatzaile gisa oso pozik” geratu zela, “aurrean talde on bat” izan zutelako.
Ekainean hartu zuten Jon Aspuruk eta Aitor Egiak Altzarrateren lehen eta bigarren entrenatzaileak izatearen ardura, hurrenez hurren.