Familia batek istripua izan zuen pasa den asteartean Zumalakarregi etorbidean, etxera itzultzen ari zirelarik. Hain zuzen, jaietako kontzertu gunean erabilitako kutxatila baten gainetik pasatzean, tapa ireki zen.
Elementua zapaldu zuen heldua (hau da, aita) zuloaren barruan erori zen, eta tapak gerrikoan zein hanketan lesioak eragin zizkion. Horrela adierazi diote gurasoek eurek Aiaraldea Komunikabideari.
Istripuaren alde okerrena, ordea, bere bizkarrean zegoen haurrak pairatu zuen: buruz jauzi zen espaloira eta kolpea hartu zuen buruan.
Ezbeharraren ondorioz, larrialdi zerbitzuak bertaratu ziren tokira eta ospitalera eraman zituzten bi laudioarrak. Hainbat proba egin ostean, lesio larririk ez zutela ziurtatu zuten, baina umearentzat 48 orduko behaketa epea ezarri zioten. Edonola ere, familiak aipatu du hezurrik apurtu ez izanak ez duela esan nahi minduta ez daudela. Aitak, esaterako, ubeldura ugari dauzka hanketan.
Udalak, bere aldetik, adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari kutxatila ahalik eta lasterren konpondu zutela.