Sortzetiko kardiopatia duten haurrei, gazteei, eta haien familiei laguntza emateko ekimen bat antolatu dute elkarlanean Laudioko Udalak, Bihotzez elkarteak eta Orkatzak Mendi Taldeak. Irailaren 20 eta 21eko asteburuan izango da jardunaldi solidarioa, "8 mila bihotzez" izenpean. Izan ere, ekimenaren helburua 8.000 metroko desnibela betetzea da, eta 14 aldiz igoko dira Goikoganeko gailurrera horretarako.
Hamalau igoera horietako bakoitza eskualdeko kirol talde edo elkarte batek babestuko du. 16 dira, osotara, elkarte babesleak, eta horien artean daude honakoak: Haitzetan Gora, Amurrio Trail, Gorobel Kirol Gunea, Laudio Atletismo Taldea eta C.D. Altzarrate besteak beste. Ostiralean, hilaren 20an, Aldai plazatik abiatuko da lehenengo igoera, 21:00etan, eta Orkatzak Mendi Taldeko kideak izango dira igotzen lehenak. Ekimena antolatzen ere aritu dira haiek, eta bertako kide Peli Ortiz de Zaratek adierazi duenez, parte hartzeko aukera heldu zitzaienean, “ez zuten bi aldiz pentsatu, taldearen izaerarekin bat datorrelako”.
Hamalau igoera horietako zazpi egingo ditu Joseba Amondo laudioarrak, bihotzeko gaixotasunak dituzten pertsonek goi mailako ariketa fisikoa normaltasun osoz egin dezaketela erakusteko. Parte hartzea, dena den, edonori zabalik dago eta doakoa izango da. Azken igoera Goikogane mendi taldeak babestuko du, Ekina Ezinez Egina-rekin batera, eta horri esker, Unai, mugikortasun murriztua duen 11 urteko gaztea, mendi gailur batera igoko da lehenbiziko aldiz.
Diru sarrerak, hala, borondatez emandako dohaintzen bidez lortuko dira, eta itsulapikoak zein crowdfundinga egongo dira horretarako. Azken ekimen horri dagokionez, Il Diavolo ezizenez ezagunagoa den Alberto Vallesek pedalei ekingo die crowdfundinga martxan jartzeko.
Hainbat ekintza larunbaterako
Mendi ibilaldiez harago, askotariko ekintzak antolatu dituzte larunbaterako eta egitaraua egun osoan zehar luzatuko da:
Goizean zehar, saskibaloiko 3x3 partiduak egongo dira, Sugarrak taldearen eskutik eta SC Llodianak pedalei ekingo die.
- 9:00etatik aurrera azoka egongo da baserritarren produktuekin.
- 10:30ean, haurrentzako herri kirolen txanda helduko da.
- 11:00etan izango da Goikoganera azken irteera.
- 11:15ean hamaiketako solidarioa egingo dute.
- 13:30ean amaiera emango zaio erronkari, parte hartzaileei harrera eginez.
- 14:00etan herri bazkariaren txanda helduko da.
- 16:30ean, bazkalostean, bingo solidarioan parte hartzeko aukera egongo da.
- 18:00etan zumba egongo da, Zumbikeren eskutik.
- 19:00etan, egitarauari amaiera emateko, Iratzar Erromeriaren kontzertua egongo da.