Laudioko EAJren aburuz, EH-Bilduren egungo udal gobernu taldeak ez dauka gardentasunik eta darabilen blokeo informatiboa etengabekoa da.
EAJk ohar bidez zabaldu duenaren arabera, “Udal osoko bilkuretan eta Gobernu Batzarretan informazio garrantzitsua behin eta berriz eskatu arren, alderdi abertzaleak ez du informazio hori emateko betebeharra bete, eta EAJ-PNVk oposizio arduratsu eta eraginkorra egiteko duen eskubidea oztopatu du”.
Ander Añibarro Laudioko Udaleko talde jeltzalearen bozeramaileak salatu duenez, “berriro ere, gobernu taldearen jarrera erabat oztopatzailea izan da, eta egoera horrek, udal kontroleko gure lana behar bezala garatzea eragozteaz gain, herritarrei zuzenean eragiten dieten gaietan gardentasun falta nabarmena dakar, hori baita udal kudeaketa osoaren azken helburua”.
“Eskaera askoren ondoren”, udalerriarentzat “funtsezkoak” diren gaiei buruzko erantzun argirik jaso gabe jarraitzea “onartezina da”, bozeramaile jeltzalearentzat. Eta egoera horren adibide argia honako hau dela adierazi du: “EH Bilduko gobernu taldea ez dela betetzen ari oposizioan daudenean aldarrikatzen dituzten gardentasunaren eta gobernu onaren oinarrizko printzipioak”. “Informazioa eskuratzea oinarrizko eskubidea” dela ere gaineratu du.
10 eguneko epea
EAJk idazki bat erregistratu du Laudioko alkate Ainize Gastakari zuzenduta, 10 egun balioduneko epe luzaezinean eman beharreko informazioa emateko eskatzeko. “Informaziorako dugun eskubidea urratzen jarraitzen badugu, beste instantzia batzuetara jo beharko dugu, dagozkigun eskubideak babesteko”, ohartarazi du Añibarrok, eta gogorarazi du “EAJ-PNVk berretsi egiten duela udal-kudeaketan gardentasunarekin eta kontrol demokratikoarekin dugun konpromisoa”. Udal Gobernuari eskatu diote “bete dezala eskatutako informazioa ezarritako epeetan emateko betebeharra”.
Kontratazioekin lotutako espedienteak, dirulaguntzen ebazpenarekin eta segurtasunari buruzko txostenekin lotutakoak dira eskatutako dokumentuak, besteak beste.
“Ezinbestekoa da Udalaren funtzionamendu egokia bermatzea eta zinegotzi guztien informaziorako eskubidea errespetatzea, indarrean dagoen legediak ezartzen duen bezala”, amaitu du Ander Añibarrok.