Iraileko azken asteburuan ospatu izan da, tradizioz, Laudioko Euskal Jaia. Data hori ez da kasualitatea; izan ere, hilabete honen amaieran, alkatea eta beste zenbait kargu aukeratzen zituzten herritarrek antzina, Basalarrina deituriko larrean, gaur egungo Herriko Plazaren inguruetan.
Ekitaldi horretan, garai hartan Laudio osatzen zuten lau auzoetako biztanleak hantxe zegoen zuhaitz handiaren gerizpean eta harrizko mahaiaren inguruan elkartzen ziren, euren ordezkariak hautatzeko.
Gaur egun, baina, oso bestelako jarduerek hartzen dute herria iraila amaieran. Aurten, hain zuzen ere, hilaren 28an ospatuko da Euskal Jaia, eta oraindik behin betiko egitaraua plazaratu ez duten arren, hainbat kontu aurreratu dituzte antolatzaileek.
Gauzak horrela, egun osoko egitaraua prestatuko dute larunbat horretarako: herri kirol parte hartzaileak, Akelarre Dantza Taldearen emanaldia, herri bazkaria, kantukada eta irrintzi txapelketa egongo dira goiz eta arratsaldean, besteak beste.
Momentuz ez dute gauean musika jartzeaz arduratuko diren taldeak iragarri, baina festa ordu txikiak arte luzatuko dela aurreikusi daiteke dagoeneko.