LATIORROKO JAI BATZORDEA

"Urtez urte anbizio handiagoarekin antolatzen ditugu Latiorroko Jaiak"

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko ira. 12a, 16:00

Ezkerretik eskumara: Eder Barbara, Andoitz Ortiz, Joana Alday, Naia Vallejo eta Eneko Cascallana. / Aimar Gutierrez Bidarte

Ate-joka daude aurtengo Latiorroko festak. Prestaketa lanetan murgilduta daudela aprobetxatuta, LATIORROKO JAI BATZORDEko kideekin elkartu gara, aurtengo egitarauaren nondik norakoak ezagutzeko.

Ate joka daude Latiorroko jaiak, nola doaz prestaketa lanak?

Lan asko egin dugu honezkero, eta lana dugu aurretik oraindik ere. Denbora inbertsio handia eskatzen du jaiak prestatzeak, urtez urte anbizio handiagoarekin antolatzen ditugulako. Beti ari gara hobetu nahian, gauzak hobeto antolatzeko ahaleginean, espazio anitzagoak eta zabalagoak eraikitzeko.

Jai Batzordeak urteak daramatza festak antolatzen, nolakoa izan da urte hauetako ibilbidea? Asko aldatu da ospakizuna azken urteetan?

Azken urteak nahiko gogorrak izan dira. Izan ere, jende gutxi batu gara jaien antolakuntzan. Zorionez, aurten auzokide berriak batu dira Jai Batzordera, eta gauzak desberdin ikusten ditugu. Gaur egun hamar kidek osatzen dugu Latiorroko Jai Batzordea. Apirila eta maiatza bitartean egiten ditugu lehenengo bilerak, irailerako dena prest izateko.

"Zorionez, aurten auzokide berriak batu dira Jai Batzordera, eta gauzak desberdin ikusten ditugu"

Urtero saiatzen gara ekintza berriren bat gehitzen programaziora, aurten batukada bat ekarriko dugu Latiorroko kaleak girotzeko asmoz.

Zer prestatu duzue aurtengo jaietarako?

Urteroko eredu bera jarraitu dugu aurten ere. Larunbateko herri bazkaria nabarmenduko genuke ekintza nagusien artean; 400 lagun elkartuko ditugu bertan. Jaietako igandeko marmitako txapelketak ere jendetza erakartzen du auzora.

Zer dute berezi Latiorroko jaiek?

Auzokideon parte hartzea oso altua izaten da jaietan, eta horrek egiten ditu berezi gure festak. Herritarrak beti daude prest ekintzetan parte hartzeko edota antolakuntzan laguntza eskaintzeko.

Azkenik, zer mezu bidali nahi diezue asteburuan auzoko festetara hurbilduko direnei?

Inguruko herritar guztiei luzatu nahi diegu Latiorroko jaietan ondo pasatzeko gonbita, beti ere errespetuz jokatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide