Nøgen taldeak borobilduko du Euskal Jaiko bi eguneko egitaraua

Txabi Alvarado Bañares 2024ko ira. 18a, 19:47

Gaur arratsaldean aurkeztu dute egitaraua. / Aiaraldea.eus

Basalarrinak, Suziri Jai Batzordeak eta Kirikiñok antolatu dute aurtengo edizioa, Udalarekin elkarlanean. 

Urtero antolatzen da Laudion Euskal Jaia, baina aurtengo edizioa ohikoa baino bereziagoa izango da, hainbat eragilek indarrak batu dituztelako bi eguneko egitaraua antolatzeko. Basalarrinak, Suziri Jai Batzordeak eta Kirikiñok atera dute aurrera ekimena, Udalarekin elkarlanean, eta gaur arratsaldean egin dute programa aurkezteko agerraldia.

Irailaren 27an hasiko da jaia, arratsaldeko bostetan. Umeentzako tailerrak, txokolatada eta buruhandi mitologikoen erakustaldia eskainiko dituzte plazan.

400 lagunentzako bazkaria

Larunbatean, aldiz, baserritarren merkatua, herri-kirol irekiak eta Akelarre dantza taldearen ikuskizuna egongo dira Aldai plazan, goizean zehar. Toki berean egingo da gero herri bazkaria. Aurreratu dutenez, 400 tiket jarriko dituzte salgai Gorka eta Ilargi tabernetan, 10 euroren truke. 

2.000 pegatina eta 700 txapa banatuko dituzte hizkuntza ohituretan eragiteko

Bertsoek hartuko dute protagonismoa bazkalostean, Juanjo Respaldiza, Oihane Perea, Manex Agirre eta Maddalen Arzallusekin. Serapio Lopez baranbioarra arituko da gai-jartzaile lanetan. Horrez gain, bingo musikatua eta mus-lehiaketa ere egongo dira, 16:30ean.

Musikak hartuko du protagonismoa arratsaldean, kantukada egingo baita herriko kale nagusietan barrena. Irrintzi txapelketak hartuko du gero lekukoa, arratsaldeko zortzietan. Nøgen talde ospetsua arduratuko da gaueko txanpari hasiera emateaz, eta bere ostean igoko dira Aldai plazako oholtzara Zirkinik Bez erromeria eta Aztarnak DJek.

Jaitik harago, hizkuntza ohituretan ere eragiteko asmoa dute antolatzaileek. Horretarako, 2.000 pegatina eta 700 txapa banatuko dituzte, "Badakit badakizula. Egin dezagun euskaraz" lemarekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide