Ostiraleko 21:00etan abiatu zuten 8 Mila Bihotzez ekimena Aldai plazan, sortzetiko kardiopatien elkartea babesteko. Egitasmoaren alde nabarmena izan zen Goikoganeko tontorrera igotzeko hainbat herritarrek egindako ahalegina. Izan ere, orduro atera zen plazatik talde bat mendirantz, nahiz eta gauean euri-jasa egon.
Herriko kirol elkarte ugari batu ziren igoerara eta 11:30ean izan zen azkena. Ezina Ekinez Egina taldeak 8 urteko ume bati lagundu zion lehenengo aldiz tontorrera eta jaitsieran jendetza izan zuten zain erronka amaitzeko. Spiderabel Fernandezen urtebetetzea zela baliatu zuten omenaldi txikia egiteko.
Goizean tailerrak, azoka eta elkartasun ekimenak antolatu zituzten eta gero herri bazkariaren ordua heldu zen.
Bihotzez elkarteak azaldu duenez, 7.000 euro inguru bilduko ditu elkarteak sortzetiko kardiopatien kontra jarduten jarraitzeko.
Argazkiak: Bihotzez, Naia Vallejo, Txabi Alvarado, Aitor Aspuru