Euskal Herriko Bilgune Feministak Emakume* Abertzaleen X. Topaketa antolatu du azaroaren 16rako, Laudion. Izen emateko aukera zabalik egongo da azaroaren 6ra arte.
Ohar bidez azaldu dutenaren arabera, egun osoko egitarauarekin elkartuko dira Laudion: “Goizean egoeraren irakurketaren elkarbanatzearekin hasi eta ondoren etorkizun desiragarrietan pentsatzen hasteko ekintza performatibo batean parte hartzeko aukera zabalduko da. Inguruko ekoizleen bidez antolatutako bazkaria egingo dugu eta segidan lan taldeka banatuko gara ariketa espekulatiboari ekiteko. Azkenik, iluntzean ekitaldi politikoa aurkeztuko da eta gauean jai giroan elkartuko gara”.
Emakume* Abertzalon topaketak, bi urtean behin antolatzen dituzte Euskal Herriko Bilgune Feministako kide eta sarekideek. “Euskal Herrian eta munduan ditugun erronka konplexuei galderak eta erantzun posibleak bilatzeko elkartzen gara: aurreko urteetan, estrategiaren berritze gisa ulertu izan ditugu edota gai konkretu batzuetan sakontzeko aitzakia gisa. Aurten, ariketa kolektibo bat zabaltzeko eta ilusioa piztu zein ardura zabaltzeko saiakeran murgilduko gara Azaroaren 16an Laudion”, azaldu dute.
“Euskal Herrian eta munduan ditugun erronka konplexuei galderak eta erantzun posibleak bilatzeko elkartzen gara. Ariketa kolektibo bat zabaltzeko eta ilusioa piztu zein ardura zabaltzeko saiakeran murgilduko gara Azaroaren 16an Laudion”
Dimentsio guztietan eragin nahi dutela adierazi dute, “egunerokotasunari lotutako esparruetan eta eremuz eremu intzidentzia feminista artikulatzen jarraitu”. Eta hori guztia egiteko “askotariko dimentsioetatik eragin” nahi dute.
Alde batetik, “noraeza nagusi den honetan, etorkizun desiragarriak marrazteko ariketa” egin nahi dute, “etorkizun desiragarri horiek, orainaldian materialki errealak diren proposamenetan islatuta”.
Era berean, “irudimena entrenatu” nahi dute, “etorkizunean pentsatu, orainaldi bizigarriagoak ere sortzeko, narratiba eta iruditeri berrietan pentsatuz eta galdera berriak eginez”.
Bestetik, “ariketa espekulatibo kolektibo horretan, amesten dugun Euskal Herri feministara bidea marrazteko, utopia feministak irudikatuko ditugu, proposamen integralak garatzeko asmoz”. Eta “orotariko dimentsioetan pentsatzen” jarri nahi dute, “bizitzako alor guztiak kontuan hartzeko: denbora, dirua, lana, zaintza, etxebizitza, harremanak, sinismenak, gobernantzak, mugimenduak, sorkuntza, heziketa, osasuna, informazioa, araudiak, segurtasuna…”
“Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi dugun zehazten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu”.
Euskal Herriko Bilgune Feministaren ustez, Euskal Feminismoak, testuinguru hori aldetzeko arduraz jardun behar du. “Euskal Herria feministaranzko bidean, nondik, nora eta nola trantsitatu nahi dugun zehazten jarraitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu”.