Laudio eta Amurrioko hainbat errugbi jokalarik eta jokalari ohiek Aiaradeko Astoak taldea sortu dute kirol horri bultzada emateko eskualdean. Egitasmoak ez du anbizio handirik eta 16 urtetik gorako edozeini bideratuta dago. "Emakumezkoak edo gizonezkoak gonbidatuta daude eta sasoi fisikoak ez du garrantzirik. Izan ere, errugbia kirol anitza da eta postu ezberdinak daude, norberak bilatu dezake non dagoen gustura. Hau ikasteko eta gozatzeko espazioa izango da", azaldu du Beñat Bilbao Larrorik, "Txapis"-ek.
Izan ere, hasierako helburua da aukera ematea edonori errugbian buru-belarri sartzeko. Horretarako entrenamenduak egin nahi dituzte astero eta gaur ekingo diote 19:00etan Gardeako kirol gunean. "Gaur erabakiko dugu, jendearen ordutegien eta egoeren arabera, noiz entrenatuko garen eta non. Berez, Amurrion badago errugbi zelaia eta", aipatu du Bilbao Larrorik.
Laudioko Udalak eta Nerbioi Errugbi Taldearen babesa daukate antolatzaileek eta, finean, xedea da kirola bizirik mantentzea. "Ekimenak indarra hartzen badu, pentsatuko dugu lagunarteko partidak antolatzea edo bestelako planak", argitu du Txapisek.
Errespetua
Aiaraldeko Astoek azpimarratu dute errugbiaren balioetako bat badela errespetua eta hori irakasteko tresna oso egokia dela kirola.
Gaurko hitzorduari dagokionez, nahi duenak parte har dezake. Hori bai, eskatu dute takorik gabeko oinetakoak erabiltzea eta arropa erosoa janztea. Jokatu ostean, dutxa hartzeko parada egongo da.