Laudioko Gurutze Gorriak erdigunera eramango du bere jarduna. Gaurtik aurrera bere egoitza Jose Arrue kaleko 8. zenbakian egongo da. Arreta ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, eta asteazken eta ostegun arratsaldeetan, 16:00etatik 18:30etara.
Lokal berria 93 metro karratu erabilgarriko beheko solairua da. Horri esker, irisgarritasuna hobetu eta Laudioko erdigunean egon daiteke erakundea. "Aldaketa honekin espero dugu jende gehiago hurbiltzea gure instalazioetara laguntza eskatzera, gure jardueraz interesatzera, bazkide egitera edo boluntariotza egitera. Gurutze Gorriko ateak irekita daude pertsona guztientzat ", azaldu du Amaia Galan erakundeko presidenteak.
Laudioko Gurutze Gorriak 460 bazkide eta 87 boluntario ditu gaur egun, eta horietako 4 Gazteen Gurutze Gorrikoak dira.
460 bazkide eta 87 boluntario ditu gaur egun Laudioko Gurutze Gorriak
93 metro karratutan, hainbat programa
Harrera gela batek, bi arreta-bulegok eta diziplina anitzeko areto batek osatzen dute espazio berria. Gurutze Gorriaren jabetzakoa den lokal berriak aurreko egoitzan garatu dituen programak eta sor daitezkeen beste batzuk hartuko ditu. Erakundeak esku-hartze sozialeko zerbitzuak garatzen ditu muturreko kalteberatasuna duten kolektiboentzat, eta arreta eskaintzen die prestazioei, oinarrizko laguntza materialei eta pobrezia energetikoari buruzko gaietan.
Adinekoei laguntzeko jarduerak ere eskaintzen ditu, eta gurpil-aulkiak, makuluak eta bestelako laguntza-ekipoak eskaintzen ditu aldi baterako. Honako hauek dira egiten dituen jardueretako batzuk: atzerritarrei laguntza juridikoa ematea, gizarte-zailtasunak dituzten adingabeei eskola-laguntza ematea eta, oro har, herritarrentzako enplegu-zerbitzuak bideratzea, lana bilatzeko informazioa, orientazioa eta laguntza eskainiz.
"Pertsonen bizitza hobetzeko ekintza asko egiten ditugu, eta boluntarioen lana oso garrantzitsua da. Adinekoei laguntzeko edo haurrei ikasketekin laguntzeko pertsona gehiago izatea, adibidez, ezinbestekoa da. Elkarlanean aritzeko modu asko dago eta Laudioko pertsona guztiak animatu nahi ditugu hurbildu eta galdetzera", azpimarratu du lehendakariak.