Urriaren 4,5 eta 6an Laudiok "Callejeando Food Fest/Kalez-kale food fest" ekimena hartuko du bigarren urtez jarraian, Tierra de Sueños Bodas & Eventos enpresak Udalarekin elkarlanean antolatuta. Hiru egunez, Aldai Plaza nazioarteko gastronomiarik onenaren epizentroa bihurtuko da, janari mugikorreko 7 furgonetekin (Food Trucks), eta era guztietako jarduerekin, herriko familiek eta herritarrek goza dezaten.
Plater gozoez gain, haurrentzako ekintzak, puzgarrien gune bat eta Charly Magoaren magia ikuskizuna egongo da, bai eta dantza eta zuzeneko musika erakustaldia ere Dr Lawson eta Goiatz Dutto taldeen eskutik, larunbatean eta igandean hurrenez hurren.
Aurreko edizioan bezala, 7 food truckek hainbat plater eskainiko dituzte aukeran: olagarroa, gourmet hanburgesak, hot-dogak, plater txiletarrak, krepak, eta errezeta txiletar eta mexikarrak. Munduko errezeta hauek dastatu nahi dituztenek 18:00etatik 00:00etara egin ahal izango dute ostiralean, eta 13:00etatik 00:00etara asteburuan.