Etxebizitza Aiaraldean

Laudion hutsik dauden 660 etxebizitzen jabeek %50eko errekargua ordaindu beharko dute Ondare Higiezinen Zergan

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 2a, 16:00

660 etxe huts daude Laudion, Udalaren zenbaketaren arabera. / Aiaraldea.eus

Horrela jakinarazi du Laudioko Udalak eta urriaren 24ra arte ireki du epea alegazioak aurkezteko.

Laudioko Udalak adierazi du udalerriko 660 etxebizitza hutsen jabeek %50eko errekargua ordaindu beharko dutela Ondare Higiezinen Zergan. Tokiko erakundeak errekargu hori ezarri die higiezin horiei guztiei, ohiko bizilagunik ez dutelako. Modu horretan, erabilerarik ez duten etxeak alokairuko merkatura eraman nahi ditu EH Bilduren gobernu taldeak.

Zehazki, honako hau da etxebizitza hutsen banaketa Laudion, auzuneka:

Herrigunea (zentroa) 347
Ugarte 82
Latiorro 79
Areta 73
Landaluze 37
Gardea 28
Arraño 14

Berez, ondare horien jabeek urriaren 24ra arte izango dute alegazioak aurkezteko epea. Iñigo Martinez Cerrillo zinegotziak adierazi duenez, "etxebizitza horien jabeei jakinarazpen bat bidaliko zaie beren etxeetara, kobrantzaz ohartarazteko. Nolanahi ere, eta ordainagiria igorri ondoren, alegazioak aurkezteko epe berri bat ezarriko da".

Gobernu taldeak gogoratu du iaz 42.000 eurorainoko errentetarako hobari-taulak handitu zituela, eta neurri bera hartu zuela alokairu publikoko programa baten barruan (Alokabide) dauden etxebizitza hutsetarako, trantsizio ekosoziala bizkortzea helburu duten etxebizitzetarako, eta, bereziki, energia kontsumoa murrizten dutenentzako. Halaber, tokiko erakundeak azpimarratu du alokairurako programa publikoetan ez dauden etxebizitza hutsei ezarri zietela errekargua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide