“Nahasmendua ezagutzera eman nahi dugu, ikastetxeetan, gurasoei, ikasleei, irakasleei...”

Maider Ramirez Martin 2024ko urr. 3a, 15:15

Sheila Lopez, Angelica Trimiño, Ana Belen Martin eta Begoña Tomek sortu dute elkartea. / Aiaraldea.eus

Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua dute SHEILA LOPEZ, ANGELICA TRIMIÑO, ANA BELEN MARTIN ETA BEGOÑA TOMEren seme-alabek. Hori dela eta, Alanidah elkartea sortu dute.

Nola sortu zen Alanidah elkartea sortzeko ideia? Eta nola erabaki zenuten urratsa ematea?

Sheila Lopez: Gutako guztion semeek dute arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (ADHN), eta badaude beste nahasmendu batzuk dituztenak ere. Elkartea sortu genuen gure semeekin modu bidegabean jokatzen zela ikusi eta gero, bai kalean eta baita ikastetxeetan ere. Elkartu ginen eta jasan behar dituzten egoera guztiei buruz hitz egin genuen: ikastetxeetan dituzten egokitzapen apurrak, nola tratatzen dituzten eskolan edo parkean, beste umeek zein helduek. Ume hauek, beste edozein pertsonak bezala, dituzten eskubideak defendatzeko sortu genuen Alanidah elkartea. 

Zeintzuk dira orduan elkartearen helburuak?

Angelica Trimiño: Alde batetik, elkartearen bidez gurasoek elkarrekin hitz egiten dugu eta bakoitzak jarraitzen ditugun pautak beste familientzat ere baliagarriak diren ikus dezakegu. Barrenak husteko ere balio digu. Izan ere, askotan ez gaituzte ulertzen. Jende batek uste du guk gaizki hezten ditugula gure seme-alabak ADHN izateagatik, eta ez da horrela. Haur hauek ez dituzte gauza batzuk besteek bezala ulertzen. Nik bi seme ditut, biek dute ADHN, eta horrez gain, batek garapenaren nahasmendu orokortua (GNO) du eta besteak lengoiaren nahasmendua eta emozioen nahasmendua ditu. Hortaz, nagusiak bi urteko heldutasun atzerapena du, eta bere kideek umeagoa edo ikusten dute, eta esaten zizkioten gauzak mintzen zuten maiz. Baina nik haurrei ez diet errurik leporatzen, badakit eurentzat ulertzeko zaila dela. Horregatik, egoera berdinean dauden amekin topo egiten duzunean babestuago sentitzen zara.

Ana Belen Martin: Beste helburuetako bat ADHNari ikusgarritasuna ematea da. Mundu guztiak entzun du norbait horren inguruan baina inork ez daki benetan zer den barrutik bizitzen duen arte. Gure seme-alabak, jendearen ikuspuntutik, lotsagabeak edo baldarrak dira. Nik arazoak izan ditut eskolan, nire semea inpultsiboa delako, eta burutik pasatzen duen lehenengo gauza esaten duelako, ezin baitu kontrolatu. Eta horrek eraman gaitu eskolan beste familia batekin arazoak izatera, eta nahiz eta azaldu zaien, ez dago ulertzeko modurik. Eta ez dira bakarrak, horrelako jende asko dago.

Zer eskaintzen duzue elkartetik?

S.L.: Hitzaldiak ematen ditugu, gazteleraz. Haien bidez nahasmendua ezagutzera eman nahi dugu, ikastetxeetan, gurasoei, ikasleei, irakasleei edo hala nahi duenari. Ni arduratzen naiz hitzaldiak emateaZ, eta ordura arte bi egin ditut, Amurrion eta Gasteiz alboko herri batean. 

Eta zer nolako harrera izan dute?

S.L.: Oso ona. Azken finean gaiari buruzko interesa duen jendea da, galderak egiten dituzte... Seguruenik gehienak irakasleak dira, edo beren seme-alabek nahasmendu hau izan dezaketela susmatzen duten gurasoak, edo dagoeneko nahasmendu hau duten haurrak dituzten familiak, gaiari buruz gehiago jakin nahian.

“Barrenak husteko ere balio digu elkarteak. Izan ere, askotan ez gaituzte ulertzen. Jende batek uste du guk gaizki hezten ditugula gure seme-alabak ADHN izateagatik, eta ez da horrela”

Horrez gain, maiztasun batekin bilerak egiteko asmoa duzue, ezta?

A.B.M.: Bai. Hilean behin biltzeko asmoa dugu. Eta etorri nahi dun orori dago zabalik: familiei, irakasleei... Gainera ez dago kuotarik, doakoa da. 

S.L.: Bileretan parte hartu nahi dutenak nirekin jar daitezke harremanetan (658 95 06 05). Horretaz gain WhatsApp-eko difusio kanal bat ere badugu, deialdiak eta eguneratzeak bidaltzeko. Baina hor jendeak ezin dezake ekarpenik egin, bestela kaosa izan liteke. 

A.T.: Esperientziak eta partekatzeko bilerak daude. Nahi duena etor daiteke, eta gutako edonork edo gaiari buruz dakien norbaitek ahal beste lagunduko dugu. 

Lehen esan duzue elkartea babesleku seguru bat dela.

A.T.: Bai, ez zara hain epaitua sentitzen. Nik ez diet errurik leporatzen gainontzeko amei, eta are gutxiago haurrei. Baina seme-alabei errespetu faltarik ez izaten erakusten diegun bezala, besteak nola sentitu ahal diren azaltzen saiatu beharko ginateke.  Baina azaldu ahal izateko gaia ezagutu beharra dago.

Amak dituzue uneoro mintzagai. Uste duzue, zuok zaretela, hain zuzen ere, ardura gehiena zuen gain hartzen duzuenok?

A.B.M.: Nik baietz uste dut. Nire kasuan, hala da. 

S.L.: Beti dago salbuespenen bat, baina orokorrean hala da. Eskolako kontuei dagokienez, etxerako lanak, azterketak, eskolaz kanpokoak... orokorrean amak gara horretaz arduratzen garenok. Horregatik, gai honi buruz hitz egitean ere amak aipatzea ez nau harritzen, kontrara, ohikoa egiten zait. 

A.B.M.: Nik askotan nire senarrari gogorarazi behar diot bere semeak arazo bat duela. Eta orduan pentsatzen dut: “nola ulertaraziko diot kanpoko jendeari, batzuetan bere aitari ere zaila egiten bazaio?”  

S.L.: Haiek beste era batean kudeatzen dute. Ez dut orokortu nahi, baina uste dut emakumeok gaiago garela gure emozioak ulertzeko, besteei erakusteko eta gure haurrei ikusarazteko. Uste dut, oro har, gizonak hotzagoak direla, ez dutela hainbesteko ardurarik hartzen. Ez dut esan nahi haiek ez direnik maitekorrak, edo ez direnik euren seme-alabengatik kezkatzen, baina agian beste era batean erakusten dute.

A.T.: Azken finean, heziketa kontu bat da. Nik batzuetan ikusten dut nire senarrak gure semeak hezi nahi dituela bera hezi duten moduan. Eta horrela izan ez dadin saiatzen da. Izan ere, guk umeak terapiara eramaten ditugunez, psikologoak pautak ematen dizkigu, nola jokatu jakin dezagun. Hortaz, pauta horiei jarraitzen saiatzen da, baina batzuetan modu instintiboan ateratzen zaio. Baina ez da aurpegiratu daitekeen ezer.

"Orain dirudi gaiaren inguruko 'boom' handia dagoela, baina hori gertatzen da lehenago ez delako egon"

Begoña Tome: Urrian egin genuen hitzaldira joan ziren gehienak emakumeak ziren, baina gizon batzuk ere bazeuden, eta nik oso positiboki baloratu nuen hori. Orduantxe ere ikusi genuen familia askok duten kezka bat dela. Nire ustez premiazkoa da ikusgarritasuna ematea, hitzaldi horietara doan jendea, oro har, aurretiko kezka duen jendea baita. Uste dut helburua izan beharko litzatekeela a priori interesik ez duen jendearengan, arazo hau bere inguruan ez dutenengan ere, berez kanpokoa den zerbaitekiko sentsibilitate hori piztea. Bide horretatik helduko litzateke benetako aldaketa. Izan ere, bazterkeria ez da etorriko problematika hau dagoeneko ezagutzen duen norbaiten eskutik, arazo horren berri ez dakien norbaitengandik baizik. Horra heldu beharko ginateke, haurren zein helduen artean aldaketa bat egoteko, baina prozesu luzea da. 

Izan ere, oraindik oztopo askori egin behar diezue aurre egunerokoan. 

A.T.: Bai, ikastetxeetatik hasita, han arazo asko baitaude. Eusko Jaurlaritzaren protokoloaren arabera, ikasgelan arazo bat duen haurren bat badago, ez bakarrik ADHN, irakasleak gai horretan espezializatu behar du. Askotan, baina, guk eman behar dizkiegu umeak tratatzeko pautak. Edo are, ez dira jabetzen ume horrek nahasmendua duela. Nik, adibidez, banuen nire seme txikiak ADHN izan zuelako susmoa, eta psikologoarenera eraman genion, ez baitzuen bere anaiaren GONa ulertzen. Bigarren saioan, gai bat mahaigaineratu nahi zuela esan zidan: “zure semeak hiperaktibitatea edo arreta-defizita dauka, edo biak batera”. Nik banekien hala izan zitekeela, baina nahiago izan nuen aurretik ezer ez esan. 

S.L.: Orain dirudi gaiaren inguruko 'boom' handia dagoela, baina hori gertatzen da lehenago ez delako egon. Agian nire senarrak ADHN dauka, baina lehen “gaiztoa” zen, “bihurria”, “liskarzalea”... lehen ez baitzen diagnostikatzen. Gehien bat genetikoki jasotzen denez, orain kasu gehiago daude, prestatuago daudelako. Huts egiten duena haurren egokitzapena da, askotan irakasleek ez badakite nola jokatu, eta nahiz eta guk pautak eman, horiek ez dira betetzen. Guk badakigu ikasgela batean haur asko dagoela eta bakoitza ezberdina dela, baina egokitzapen batzuk oinarrizkoak dira. 

A.T.: Alarmak piztuta izatean datza. Batzuetan uste dute ume bat ezin dela hiperaktiboa izan bi orduz egon daitekeelako zerbaitetara jolasten. Baina hiperaktibitatea duten haur guztiak ez dira berdinak, eta ADHN ez da haur guztiengan berdina.

S.L.: Neskengan ere oso ezberdina da. 

Zuek guztiok semeak dituzue. Aukera gehiago dute mutilek ADHN izateko?

S.L.: Errazago detektatu daiteke mutilengan, agerikoagoa da. Neskei dagokienez, ezinegona mentalagoa da. 

A.T.: Nik ikasi dudanagatik, neskak perfekzionistagoak izan ohi dira, eta gauza jakin batean jartzen dute hiperfokua. Neskek beste autokontrol mota bat dute, mutilak inpulsiboagoak dira, nahiz eta zerbait gustatzen bazaie, orduak egon daitezkeen hiperfokua horretan jarrita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide