Thaylor Lubanzadio, Espainiako Inklusio Ministerioko enbaxadorea arrazismoaren kontra

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 3a, 16:00

Thaylor Lubanzadio LaLigako egoitzan.

Jokalariak hainbat hitzaldi eskaini ditu SCORE proiektuaren eta Espainiako Inklusio Ministerioaren bitartez eta LaLigarekin ere elkarlanean dabil.

Thaylor Lubanzadiok uda bizia izan du arrazismoaren kontra. Izan ere, Europar Batasuneko Batzordeko SCORE (Sporting Cities Oppsiting Racism in Europe) proiektuak proposatu zion bere enbaxadorea izatea arrazismoari eta kirolari buruz aritzeko. "Tamalez, duela urte pilo jokatzen dut futbolean profesionalki eta egokitu zait erasoak pairatzea eta salatzea. Hori dela eta, interesa zuten nire iritzia eta ikuspegia ezagutzeko", azaldu dio Thaylor Lubanzadiok Aiaraldea Komunikabideari.

SCOREren kanpaina arrakastatsua izan zen, Lubanzadioren iritziz: "Maiatzean hasi eta ekainean amaitu genuen. Hitzaldi ugari eskaini genituen eta kirolari asko batu ziren".

Behin hori bukatuta, Espainiako Inklusio Ministerioak ere bultzatu zuen jarduera eta ekitaldi gehiagotan hitza hartu zuen laudioarrak. Horietako ekintza batek Laligako egoitzara eraman zuen ekaineko azken astean eta Elma Saiz ministroarekin, Javier Tebas LaLigako presidentearekin, Patricia Garcia Rodriguez errugbi jokalari ohiarekin eta Cindy Lima saskibaloi jokalari ohiarekin eztabaidatu zuen arrazismoa salatzeko.

Dena den, Lubanzadioren asmoa ez da soilik errealitate hori arbuiatzea. Bere asmoa da arrazismoa kirolaren barruan daudenekin borrokatzea eta ulertaraztea ez dela norbanakoen arazoa: "Egiturazko arazoa da eta goitik sustatzen da. Ez da pertsona batek duen arazoa. Hori ez badugu barneratzen, nekez lortuko ditugu aldaketak".

SCOREren egitasmoa bukatu bada ere, laudioarrak ez dio hitzaldietan eta mahainguruetan parte hartzeari uko egin: "Orain Maltan ari naizenez jokatzen, maiz on-line egiten ditut nire ekarpenak. Uste dut jendearentzat interesgarria dela nik daukadan esperientzia eta ikuspegia. Horregatik, etorkizunera begira ere ditut proiektuak. LaLigako egoitzan ezagututako jendearekin elkarlanean ari naiz ahal dudanean".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide