Kultur sorkuntza Aiaraldean

“Ederra izango litzateke Aiaraldean bideo joko eskola edo estudio bat sortu ahal izatea”

Txabi Alvarado Bañares 2024ko urr. 4a, 07:00

Pablo Iturburu Cabeza, errealitate birtualeko betaurrekoekin eskuetan. / Aiaraldea.eus

PABLO ITURBURU CABEZA (Laudio, 1978) Laudioko Keska tabernan egiten du lan, baina animatzaile moduan ere aritu da hainbat proiektutan. Errealitate birtualeko bideo joko bat ekoizten ari da une honetan.

Urteak damatzazu animazioaren esparruan lan egiten. Nola hasi zinen?

Nire kabuz, modu autodidaktan. Madrilen egin nuen lehen ikastaroa, duela 15-16 urte inguru.
Beti izan dut gogoko marrazkiak egitea, eta beti gustatu zaizkit pelikulak, komikia, bideo jokoak… txikitatik egon naiz mundu horretan murgilduta, baina kontsumitzaile bezala gehienbat, sortzaile gisa gehiago egin nezakeen [barreak].

Baina sortzaile gisa ere eman dituzu urrats ugari.

Bai. Olentzero eta iratxoen jauntxoa film luzean izan nuen nire lehenbiziko lana animatzaile moduan. Ez nuen espero lan hori lortzea. Harrijasotzaile baten animazio bat egin nuen, eta horren bidez lortu nuen proiektuan sartzea.

Proba bat egin zidaten lan-elkarrizketan. Iratxoaren pertsonaia animatu behar izan nuen: urrats batzuk eman, arrautz bat hartu, maltzur aurpegia jarri eta eszenatik alde egin.  

Nolako esperientzia izan zen pantaila handirako film batean parte hartzea?

Alde batetik, ona. Hiru eszena animatu nituen, pelikulan agertzen direnak. Baina esperientziarik ez nuenez, nahiko motel egin nuen lana eta zuzendariarentzat ez zen nahikoa. Hilabete bat baino ez nintzen egon bertan.

Kolpea izan zen hori?

Apur bat bai. Ez nuen espero horren gutxi irautea. Baina jarraitu nuen nire kabuz lanak egiten.  
Lehen esan bezala, Madrilen egon nintzen animazioa ikasten. Pare bat master ikasi nituen bertan, bost hilabetekoa bata eta seikoa bestea. Nire neskalaguna bertakoa zen eta hiruzpalau urte eman nituen joan etorriak egiten. Nire kabuz ere aritu nintzen hainbat programetan trebatzen.

Eta nola iritsi zinen berriro animazioan profesionalki lan egitera?

Esti Urresolaren bidez. Kuadrillakoa da eta Bartzelonan bizi zen une horretan, eta baita Egoitz (Uriarte) ere. Eurek animatu ninduten bertara joatera zortea probatzera. Ez nuen ezer espero, baina proba egin nuen. Hilabete bat eman nuen lan bila. Inoiz ez dut izan animatzaile-porfolio ikusgarririk, makina bat lagin txiki baino ez. Esti Urresolaren bidez lortu nuen lan-elkarrizketa animazio enpresa bateko jabearekin, gizon alemaniar bat, nahiko tipo bitxia. Bertara joan nintzen, inpresio ona sortu nien eta nekien hori egiten jarri ninduten.

Denetarik egiten nuen hasieran. Banuen esperientzia apur bat programa guztiekin, eta horregatik eskatzen zidaten edizio apur bat egitea, beste animazio apur bat… renderrez eta konposizioez arduratzen amaitu nuen, baina eszena batzuk animatzera iritsi nintzen baita.

Talde nahiko handia zen. Bi animazio telesail ekoizten ziren bertan, eta une batzuetan ehun pertsona egotera iritsi ginen lanean, hainbat sailetan banatuta. Atal bakoitzak 11 minutu irauten zituen, baina bakoitza egiteko hiru aste baliatzen genituen. Urte eta erdi eman genuen denboraldi osoa egiteko.

"Jabeak ez zuen ondo ordaintzen, bekadun asko baliatzen zituen… estudio askok izan dituzten arazoak dira horiek. Dirua atera nahi dute kosta ala kosta eta zuzendarietako asko ez dira animatzaileak, apur bat oportunistak baizik"

Nola baloratzen duzu esperientzia hori?

Oso ona. Txikitako amets bat betetzea bezalakoa izan zen.

Horren proiektu handia izanda, bazegoen sorkuntza propiorako tarterik?

Bazegoen, baina oso txikia. Gidoi bat zegoen, zuzendariak grabatzen zituen pertsonaia guztien behin-behineko ahotsak, erreferentzia moduan baliatzeko. Telesail hori amaitu ostean beste aukera batzuk atera ziren, baina taldeko jendea ez zegoen oso gustura: jabeak ez zuen ondo ordaintzen, bekadun asko baliatzen zituen… estudio askok izan dituzten arazoak dira horiek. Dirua atera nahi dute kosta ala kosta eta zuzendarietako asko ez dira animatzaileak, apur bat oportunistak baizik. Animazioa gogoko dute, baina ez dakite ezer esparru horren inguruan. Dirua dute, jendea kontratatzen dute, lan taldea osatu… baina enpresa munduan apur bat sakonduz gero beti ikusten dituzu gauza zikinak.

Ordaindu gabeko ordu estra andana sartu nituen telesail horretan. Arratsalde askotan geratzen nintzen lanean, arazo asko egon zirelako animazioetako batzuekin, eta arazo horiek konpontzen eman genuen azken urte erdia. Krisi apur bat egon zen, haserreak… nik ez, nik badut trebetasuna albo batean geratu eta guztiekin ondo moldatzeko [barreak].

Dena ez zen txarra izan, oso ondo pasatu nuen lan-taldean. Oso lankide jatorrak izan nituen.

Esperientzia horren ostean ez duzu berriro lan egin animatzaile moduan modu profesionalean, baina jarraitu duzu proiektu pertsonalak egiten, bideo jokoen esparrura salto eginez.

Bideo jokoek barne hartzen dituzte gogoko ditudan arteetako asko: komikia, zinema, musika, estetika… Izan dezaketen alde iluna bada berez produktu bat direla. Bideo jokoak egiten dira salduak izateko eta dirua lortzeko. Badaude proiektu artistiko edo esperimentalak, baina bideo jokoak bere jatorritik dira berez produktu bat. Adikzioen gaia ere hor dago, edo nola baliatu ahal diren horrelako jokoak mundutik isolatzeko, baina hori ere egin dezakezu irakurtzen edo beste mila modutara.

Maya programa baliatzen genuen telesaila egiteko, eta software hori bera erabiltzen da bideo jokoak ekoizteko ere. Gauzak hala, Bartzelonatik itzultzean horrelako programekin trebatzen jarraitu nuen, bideo joko baten ekoizpenaren fase guztien gaineko ezagutza izateko asmoarekin.

"Errealitate birtualean girotutako joko bat egiten ari gara. Jokalaria Kupido bilakatzen da eta bihotzak jaurti behar dizkio jendeari, gertakari baten ondorioz gorrotoa nagusitu delako munduan"

Handik denbora batera Toño Almenarekin lan egiten hasi nintzen. Berak plastilinazko panpinekin egiten zituen animazioak, eta txundituta geratu zen aipatutako programetan, horietan nahikoa delako mugimendu baten hasiera eta amaiera irudikatzearekin, “fotograma-gako”-en bidez. Gaur egun, Unreal Engine programa baliatzen dugu. Asko erabiltzen da, eta doakoa da irabazi jakin batzuk izatera iristen ez bazara. Toño hasi zen horretan trebatzen, eta gero batu nintzen ni. Egun batean batu ginen eta ideiak garatzeari ekin genion.

Proiektu bat duzue esku artean. Zertan datza?

Errealitate birtualean girotutako joko bat egiten ari gara. Jokalaria Kupido bilakatzen da eta bihotzak jaurti behar dizkio jendeari, gertakari baten ondorioz gorrotoa nagusitu delako munduan.

Tirokatzeko joko bat da beraz, baina klabe positiboan.

Hori da [barreak], inor hil gabe jokatu daiteke. Hala ere, pertsonaiei gezi batekin ematen diezunean dantzatzen jartzen dira eta zerura doaz. Bideo joko surrealista ateratzen ari zaigu.

Nola daramazue jokoaren sorkuntza prozesua?

Krisi momentu batean gaude orain. Bere unean beste proiektu bat egiten hasi ginen, baina konplexuegia zen. Horregatik, kasu honetan eszenatoki bakarrera mugatu dugu jokoa, dena gertatzen da parke batean. Une honetan, arazoak ditugu jokoan agertzen diren pertsonaiekin, nahi dugun moduan jokatu dezaten. Jokoak funtzionatzea lortzen badugu, ni pozik.

Jokoa errealitate birtualeko betaurrekoekin jokatzeko izateak zaildu egiten du sorkuntza?

Ez bereziki. Plantilla batzuk baliatzen ari gara, eta horien gainean ari gara dena sortzen. Keska tabernan batzuetan egin izan ditugu topaketak errealitate birtualeko betaurrekoekin jokatzeko. Oso modu ona da bideo jokoetan murgiltzeko. Badago sakontasuna, espazioa, hori da izugarriena niretzat.

Pertsona ororen esku dago bideo joko bat egitea?

Bai. Ikasi nahi duenak inoiz baino informazio gehiago du eskura. Geroz eta jende gehiago dago bideo-jokoak egiten, inoiz baino “errazagoa” omen da.

Omen da?

Bai. Ordu asko sartu behar dira eta lan sakrifikatua da. Denbora da muga nagusiena. Bideo joko handietan, adibidez, lan talde oso bat dago eszenatokiak sortzera bideratuta. Geroz eta kalitate grafiko handiagoa, orduan eta ordu gehiago sartu beharko dituzu proiektuan.

Ederra izango litzateke Aiaraldean bideo joko eskola edo estudio bat sortu ahal izatea. Amets bat betetzea izango litzateke. Horregatik, prest gaude interesa duen pertsona orori trebakuntza emateko. 

Une honetan krisi apur bat dago bideo jokoen esparruan, pandemia garaian gainprodukzioa egon zelako, baina badago lana sektore honetan, eta egoten jarraituko du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide