Nola hasi zineten Envases enpresan?
Natividad Gonzalez: Ni kasualitatez heldu nintzen. Nire gurasoek eman zuten nire izena eta ohartu nintzen ia-ia hasi nintzenean. Ni Bilbon ari nintzen lanean agintari batentzat eta 18 urte bete baino lehen eman zuten nire izena. Adin nagusia izan bezain pronto deitu zidaten.
Manoli Hierro: Nik izena eman nuen. Lan egin nahi nuen eta deitu ninduten, duela gutxienez 50 urte.
Rosa Maria Saez: Nire auzokide batek eman zuen nire izena.
Pili Lopez: Nik izena eman nuen. Ardau enpresan hasi nintzen lanean eta handik Envasesera.
Celia Aretxaga: Nik izena eman nuen eta hilabete batzuk igaro eta gero deitu ninduten. Ni sartu nintzen Natividad eta Begoñarekin, Ibarretxe Lehendakariaren emaztearekin, alegia. Azkenengoak izan ginen.
N. G.: Gure lan bizitza gehiena han egin dugu. Gutxien lan egin duenak berrogei urte eman ditu enpresan.
Nolakoa zen garai horietan lantegi batean sartzea emakumea izanik?
P. L.: 365 langile ginen enpresan eta 200, gutxi gorabehera, emakumezkoak ginen.
M. H.: %85 emakumeak ginen, baina ofizialak gizonezkoak.
N. G.: Guk egiten genuen eskuko lan guztia eta gizonezkoak ziren ofizialak.
R. M. S.: Ezberdintasunak gizonezkoen eta emakumezkoen artean oso agerikoak ziren. Adibidez, sartu nintzenean aparteko ordainsaria eman zuten eta gizonek 15.000 pezeta jaso zituzten eta emakumeok, aldiz, 8.000.
P. L.: Emakume batzuok 3.500 pezeta jaso genituen.
N. G.: Gizonezkoek askoz errazagoa zuten gora egitea enpresan.
"Sartu nintzenean aparteko ordainsaria eman zuten eta gizonek 15.000 pezeta jaso zituzten eta emakumeok, aldiz, 8.000"
Hala ere, garai horretan ez zenuten txarto ikusten egoera, ezta?
N. G.: Ez ginen oso kontziente benetan nola egin behar ziren gauzak.
R. M. S.: Eta alde batetik ondo zegoen. Izan ere, Envases zen emakumezkoak kontratatzen zituen ia enpresa bakarra. Ardau ere zegoen, baina itxi zuten eta LIPek ere egiten zuen. Baten bat Envases utzi eta LIPera joan zen. Dena den, amak izan ginenean, ikuspegia aldatuz joan zen. Guretzat garrantzitsua zen gure lanpostua izatea.
Aipatu duzue amatasuna, nolakoa zen amatasuna lanean hasi zinetenean?
N. G.: Erditu arte lanean egoten zinen. Adibidez, nik goizeko txanda amaitu eta gero urak bota nituen, 15:00ak aldera.
R. M. S.: Dena den, ohikoena zen ezkondu ostean ez itzultzea lanera. Emakumezkoei ematen zitzaien ezkonsaria eta etxean geratzen ziren, bazutelako nork mantendu, senarrak, alegia.
P. L.: 1978an eta 1979an hasi ziren emakumezkoak lanean geratzen. Hiruzpalau emakume izan ziren lehenengoak Envasesen eta gero ni izan nintzen.
R. M. S.: Azaldu beharra dago ezkonsaria zela estatuak ordaintzen zuen dirua. Hilabeteko soldata lan egindako urte bakoitzeko, hain zuzen.
P. L.: Frankismo garaiko neurri bat zen.
Enpresak ondo hartu zuen zuek geratzea?
P. L.: Bai, enpresa pozik zegoen. Gu oso arduratsuak ginen eta ez genituen baja ugari hartzen.
N. G.: Enpresarentzat positiboa zen. Trebatutako jende ugari mantentzen zen postuan eta ez zuten langileak trebatzeko beharrik. Gu joan garenetik eta apur bat lehenagotik politika aldatu da. Gu sartzen ginen eta bizitza osoan geratzeko aukera genuen. Orain langileak sartzen eta irteten dira. Horrela lantegiek ez dute funtzionatzeko aukerarik. Gurekin hobeto funtzionatzen zuen.
"Jatorri eta bizimodu ezberdineko emakumeak batu ginen: batzuk baserrikoak, beste batzuk herri txikietakoak, kanpokoak… Guretzat bizitza profesionala garatzeko aukera zen eta gizonezkoek ez zuten ulertzen ez genuela betirako onartuko gu zapaltzea"
R. M. S.: Gure artean ere konplizitatea zegoen, elkar babesten genuen. Jatorri eta bizimodu ezberdineko emakumeak batu ginen: batzuk baserrikoak, beste batzuk herri txikietakoak, kanpokoak… Guretzat bizitza profesionala garatzeko aukera zen eta gizonezkoek ez zuten ulertzen ez genuela betirako onartuko gu zapaltzea. Uneren batean adierazi genuen nahiko zela eta soldata ezberdintasunarekin amaitu behar zela.
Gizonezko asko sartzen ziren lanera eta denbora gutxian gure buruzagiak ziren, nahiz eta prestatuta ez egon. Ikasketak bazituzten, baina ez esperientzia, eta eskarmentua guretzat oso garrantzitsua zen.
Noiz hasi ziren aldaketak?
M. H.: Motelak izan ziren, zuzendari berriarekin heldu ziren, baina ez berehala. 1990eko hamarkadara arte ez genuen nabaritu.
R. M. S.: Jose Antonio Naberan sartu zenean, konturatu zen esperientzia zuen jendeak gaitasuna handia zuela. Europar Batasuneko dirulaguntzak baliatu zituen trebakuntza eskaintzeko.
N. G.: Alegia, batzuk joan ziren Lanbide Heziketara ikastera. Informatika, erizaintza, euskara… Ikasteko aukera eman zuen. Dena den, nik eszedentzia eskatu behar izan nuen erizaintza praktikak egiteko eta zuzendariari ez zion grazia handirik egin. Praktikak enpresan bertan egiteko esan zidan.
P. L.: Naberanek nahi zuen lana ateratzen zion jendea geratzea bere postuan.
N. G.: Zuzendaria aldatu zuten eta zuzendariak uste zuen aldaketak egin behar zirela eta emakumezkook izan behar genuela gaitasuna gure tresnen kutxarekin dena egiteko. Lehen dena eskuko lana zen. Orain makinak erabiltzen dira eta ofiziala izan behar zara makinak kudeatzeko.
M. H.: Zuzendariaren apustua izan zen gu trebatzen hastea.
P. L.: Baina horretarako hogei urte igaro behar izan ziren.
R. M. S.: Dena den, argitu behar da enpresa oso paternalista izan dela eta, trebatu arren, oso zaila zela emakumezkoak buruzagi edo arduradun postuetara heltzea.
M. H.: Hori oraindik gertatzen da.
Zuen lankideekin ere talkak izan dituzue?
R. M. S.: Bai. Gogoratzen dut garai bat zeinean enpresak azaldu zuen, langile kopuru batek joateko hautua hartuz gero, bazegoela diru bat geratzen ginenontzat. Orduan azaldu zen osasungintza pribatuko asegurua kontratatzea eta gizonezkoek esan zuten aseguru horrek babestu behar zituela bere familiako kide guztiak eta, gure kasuan, bakarrik gu, hau da, gure senar eta seme-alabak ez. Guk erantzun genuen ezetz eta proposatu genuen erretiro funtsa ezartzea. Horren bitartez, 60 urteak betetzean, diru bat eskuratuko genuen eta Gabonetako pakete bat, baina sari bera guztiontzat, ezberdintasunik gabe.
Ezberdintasun horien adibidea ere izan zen seme-alaben eskolako dirulaguntza. Gizonezkoek soilik kobratzen zutenean, gastuen %30 ordaintzen zuen enpresak. Emakumezkook ere kobratzen hasi behar ginenean, kopuru finko bat baino ez zuten ordaindu.
Gizon gazteak sartu zirenean gehiago babestu gintuzten, baina hasieran matxismoa nagusi zen enpresan. Adibidez, uste zuten garbiketa gure ardura zela. Gure lanpostua ez zen garbitzailea, eurek ez zuten inoiz garbitzen zikindutakoa.
N. G.: Mutil gazteak sartu arte nik ez ditut gizonezkoak garbitzen ikusi. Alegia, batzuek lan egiten zuten gurasoekin eta aitek esaten zieten ea zergatik garbitzen zuten.
R. M. S.: Zentzu horretan enpresari aitortu behar zaio lan egindako egun guztiak kotizatu dituela eta, gure soldatapeko langile bizitza amaitu denean, gizonezkoekin berdindu garela. Askok uste zuten guk baino soldata hobearekin amaituko zutela. Hori egia da.
P. L.: Hau irakurtzen dutenean jarriko dira gozo!
N. G.: Eurek badakite.
P. L.: Baina ez dute nahiko jendeak jakitea.
M. H.: Hori beste kontu bat da, jakin behar du jendeak. Eurek kobratu dute gehiago eta uste zuten gehiago kobratuko zutela, baina amaitu dugu eta soldata bera izan dugu erretiroan.
R. M. S.: Oro har, Naberanen kudeaketa partenalistari aitortu behar zaio pertsonalki kezka adierazi digula gure guraso, senar edo seme-alabengatik eta zentzu horretan ez dela arazorik egon. Historikoki familia arazoekin eta arazo pertsonalekin portaera ona izan du enpresak.
“Uste zuten garbiketa gure ardura zela. Gure lanpostua ez zen garbitzailearena, eurek ez zuten inoiz garbitzen zikindutakoa”
Edonola ere, Naberanek erretiroa hartuta, enpresa kultura aldatu da, ezta?
N. G.: Erabat aldatu da.
M. H.: Ez dauka zerikusirik.
N. G.: Eskuin muturrarekin gertatzen denarekin bezala, hainbat aurrerapen atzera bota nahi dituzte. Eskubideak kendu nahi dituzte. Nik nabaritzen nuen. Gainera, kudeatzaile berriek ez daukate langileekiko gertutasunik. Naberanek guztion seme-alaben izenak zekizkien, adibidez.
M. H.: Ugazaba ezin da zure laguna izan. Hori horrela da, baina egungoek ez dute harremanik nahi.
Urte luzez ez zenuten sindikatu ordezkaririk izan.
M. H. O.: Ez dut gogoratzen ezta zenbat ere.
R. M. S.: Hamabi urte!!!
N. G.: Lan hitzarmena zegoen moduan geratu zen. Mobilizazioekin hasi arte.
Zein izan zen enpresaren erantzuna?
R. M. S.: Ez zuten batere gogoko izan antolatzen hastea.
N. G.: Erantzuna oso txarra izan zen. Zenbaiten aurka neurriak hartu zituzten. Greba egin genuen eta batzuek ordaindu zuten.
M. H.: Gainera, iruzur egin ziguten. Engainatu ziguten. Esan ziguten dena konponduta zegoela eta ez zen horrela izan.
R. M. S.: Lauzpabost langileren artean engainatu gintuzten. Eurek pentsatuta zuten lanera joatea eta hasi ziren jendeari esaten banaka dena konponduta zegoela eta engainatu gintuzten. Gehiengoak jarraitu nahi zuen grebarekin. Inoiz ez dugu jakingo gehiago lortzeko aukera izan genuen edo ez.
Hala ere, ematen zuen hanka sartu genuela eta gero eskubide horiek mantendu dira eta hobetu dira.
P. L.: Hobe esanda, lorpen batzuk mantendu dituzte eta beste batzuk lortzeko edo ez kentzeko borrokan ari dira.
N. G.: Sindikatuak sartu ziren lehenengo aldiz garai horretan eta bakoitzak bere lan egiteko eredua zuen, baita guk ere.
Ez ginen ados jarri eta nahi genuena lortu gabe itzuli ginen lanera. Nik uste dut askoz gehiago eskuratzeko aukera genuela.
"Erantzuna oso txarra izan zen. Zenbaiten aurka neurriak hartu zituzten. Greba egin genuen eta batzuek ordaindu zuten"
Zuek izandako esperientziaren arabera, nola aldatu da enpresa?
R. M. S.: Asko modernizatu da.
M. H. : Egia da aurrera egiteko ez zutela beste aukerarik.
N. G.: Jende trebatua sartu dute eta dena automatizatuta dago, makinak erabiltzen jakinez gero, erraza da.
R. M. S.: Eskualdeko enpresarik garrantzitsuenetakoa da, nahiz eta beste batzuek ez bezala, publizitate handirik ez egin. Langileak ondo bizi dira, gutxi gorabehera.
P. L.: Arazo larriena da langileak asko aldatzen dituztela.
R. M. S.: Aldi Baterako Enpresak erabat sartuta daude.
N. G.: Trebatzen dituzte langileak hainbat urtez eta bat-batean kaleratzen dituzte.
M. H.: Kontratu luzeak egin ordez, sei hilero jende berria ekartzen dute.
R. M. S.: Askoz prekariagoa da orain enpresa, eta jendea ez da ausartzen ahotsa altxatzen, guk egiten genuen moduan.
N. G.: Alegia, bi kaleratze egon dira aurten.
Zuek nola baloratzen duzue zuen lan bizitza Envasesen?
R. M. S.: Pertsonalki oso ondo. Guztiak batera trebatu gara, antzeko adina dugulako eta bakoitzak bere egoerarekin —bikotea bai ala ez, seme-alabak bai ala ez, gurasoak... — elkar babestu dugu. Une txarrak igaro ditugu, baina harreman ona izan dugu gure artean.
P. L.: Azken bi edo hiru urteak gogorrak izan dira. Jende ezezagunarekin egin dugu lan eta egoera ez zen bera. Gainera, jende berriak ez zuen ulertzen gure jokaera, elkar babestea.
N. G.: Ez gintuzten baloratzen, babes hori ez zegoen. Prekarietatearekin jende gazteak ez zuen laguntzarik nahi. Beldur ziren, ez zuten nahi arduradun batek ikustea guk irakasten geniela, ematen zuelako eurek ez zekitela bere lana. Oihaneko legea nagusitu zen. Salbuespenak egon dira, adibidez, Urduñako neska batzuk. Aldi Baterako Enpresen bitartez heldu ziren, baina herri berekoak zirenez...
"Batasun eta laguntasun handia egon da gure artean. Orokorra izan da. Gaueko txandan, 25 langile edo batzen ginen, familia giroa zen nagusi"
R. M. S.: Dena den, hori azken urteak izan ziren. Orain, gure lan bizitza behin amaituta, ikusten dugu gure arteko loturak eta baturak jarraitzen dutela, bizipen asko izan ditugulako: lan orduak, bizitza, arazo profesional, pertsonal eta familiakoak… Horri esker badakigu bakoitzak zer igaro duen.
M. H.: Batasun eta laguntasun handia egon da gure artean. Orokorra izan da. Gaueko txandan, 25 langile edo batzen ginen, familia giroa zen nagusi.
P. L.: Aipatu beharra dago gero sartu ziren gizonezkoak ondo portatzen zirela. Hala ere, guk jende guztia babestu dugu eta maitasuna adierazi diegu. Gero faltan bota gaituzte.
R. M. S.: Lantegira sartu den jende berriak ez du topatu bestelako enpresa handietan dagoen giroa. Enpresa horietan zenbaki bat zara, gu saiatu gara parte har dezaten: urtebetetzeak, hitzorduak… Horrek ikusarazten die ez direla zenbaki hutsa.
P. L.: Azken urteak gogorrak izan dira guretzat.
N. G.: Erabat. Ni izan naiz azkena erretiroa hartzen eta nire burua beste enpresa batean ikusten nuen. Ez zuen zerikusirik.
Dena ezberdina zen, arauak eta guzti.
C. A.: Niri gertatu zitzaidan. Baten batek galdetu zidan egunen batean zergatik nengoen goibel, eta erantzun nion ez nuela inor ezagutzen.
P. L.: Gure artean genituen pena guztiak aipatzen genituen eta begiratzearekin soilik bagenekien nola geunden. Agian egun batean batek ez zuen hitz egiteko gogorik eta ikustearekin soilik bagenekien.