Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseilua garatzen ari den eskualdeko Udalen Hizkuntza Politikaren Diagnostikoaren lehen emaitzak ezagutu ahal izango dira urriaren 17an. Laudioko Udalaren Hizkuntza Politikaren Diagnostikoa izango da plazaratuko den lehenengo atala. Kontseiluak ateratako hainbat ondorio eta gomendio ezagutuko dira.
Euskal Herriko eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak elkarlanean aritu dira diagnostikoaren osaketan. Aiaraldeko Kontseiluak nabarmendu du diagnostikoa egitea badela Udalek Bai We Can kanpainaren barruan hartutako konpromisoetako bat. Laudioren kasuan, Nagore Gomara zinegotziaren, Felix Muguruza euskara teknikariaren eta Itziar Sanchez zehar politiketako teknikariaren inplikazioa izan dute.
Urriaren 17an, emaitzen aurkezpenarekin batera, herritar eta eragileekin kontrastatzeko eta ekarpenak jasotzeko aukera izango da. Laudioko Kultur Etxeko Arraño aretoan izango da 18:30ean eta Manex Mantxola Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluko kordinatzaileak egingo du aurkezpena. Bertan, udal ordezkariak, teknikariak eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluko ordezkariak izango dira. Horrez gain, nabarmendu dutenez, herritarren eta eragileen esku hartzea eta iritziak “ezinbestekoak izango dira politiken eraginkortasuna, praktika ona eta oinarrien sendotasuna” aztertzeko.
Herritarren eta eragileen esku hartzea eta iritziak “ezinbestekoak izango dira politiken eraginkortasuna, praktika ona eta oinarrien sendotasuna” aztertzeko.
Euskararen transmisoa familian
Diagnostikoaz gain, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak martxan jarri du beste urte batez Gurasoleku programa. Egitasmo horrek, familian euskararen transmisioa bultzatzea du xede. 4 urte bete ditu eta familiekin sentsibilizazioa landu eta aholkuak eta tresnak eskaintzea du helburu. Aurten Aiara, Orozko eta Arrankudiagara zabaldu da eta guztira 142 pertsonek eman dute izena. Horietatik 42 Gurasoeuskaltegira apuntatu dira, 17 Gurasolagun programara eta 107 Gurasolagun agendara.
Aurten berrikuntzak izango ditu Gurasolekuk. Esaterako, Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseilua bilduma bat prestatzen ari da, doako 70 tresna baino gehiagorekin. Ikasturtean zehar ere hiru hiztegi ere argitaratuko dituzte, euskara sei hizkuntzatara itzuliz. Proiektu hori aurrera eramateko, ezinbestekotzat jo dute eskualdeko euskaltegien eta ikastetxe eta haurreskolen parte hartzea.