Ainara Bentok gaur bukatuko du bere Sormen Egonaldia Faktorian. Dantzariaren helburua izan da pieza bat garatzea "gatibutasun-sentsazio propioen arrastoei" buruz. Bere burua ardatz hartuta egiten ari den ikerketaren helburua dantza garaikideko pieza osatzea da eta horretan dabil jo eta su.
Asteartean dozena erdi lagunen aurrean aurkeztu zuen orain arte aurreratutakoa, Saio Irekia egitasmoaren barruan. Lehenik eta behin, artistak bere lanaren nondik norakoak azaldu zituen eta orain arte egindakoa erakutsi zuen oholtzan.
Izan ere, Sormen Egonaldien alde garrantzitsu bat da saio hauen bitartez partekatzea eta eztabaidatzea arte prozesuaren emaitza. Horrela, asteartean ikusleekin solasaldia izan zuen Bentok eta ongizateari, zaintzari, bizipenen ondorioei, zapalkuntzari eta erresilentziari buruz mintzatu ziren.