Asteazkenean utzi zuten Irlanda Erasmus+ programan parte hartzen ari diren Laudio Institutuko ikasleek. Malkoak ez ziren falta izan agurrean. Baina, aldi berean, pozik daude ikasleak, ikasle eta lagun irlandarrek hilabete gutxi barru bisitatuko baitute Euskal Herria.
Sentsazio gozo horrekin eta izandako esperientzia polit guztien zapore onarekin hartu zuten hegaldia aiaraldearrek eta dena primeran joan zen, harik eta Loiuko aireportura heldu ziren arte. Izan ere, Kirk urakanaren haizetea oraindik indarrean zegoen.
Hegazkinaren kapitainak iragarri zuen 15 eta 20 minutu egongo zirela ingurutan, haizeak indarra galdu arte. Edonola ere, iragarpen bera egin behar izan zuen hiruzpalau aldiz eta bidaiarien artean ezinegona piztu zen.
Hala eta guztiz ere, azkenean arazo handirik gabe hartu zuten lurra, uste baino nabarmen beranduago, eta ikasleak senideekin batu ziren. Horrez gain, beste ezuste batekin egin zuten topo: telebista talde bat zegoen adierazpenak hartzen Loiun eta Laudioko zenbait ikasle agertu ziren gauean emisioan, galderak erantzuten.
Argazkiak: Laudio Institutua