Nola sortu zenuten Walter Ego taldea?
Zer izan zen, 30 urtetako krisiagaitik? (barreak)
Beste musika talde batzuetatik gatoz denak. Talde horietan jotzeari utzi genion, baina musika egiten jarraitzeko beharra genuen oraindik. Behar horretatik abiatuta ekin genion elkartzeari.
Hasieran astean behin geratzea zen gure asmoa; ez musika talde bat osatzeko intentzioz baizik eta eguneroko arazoetatik aldentzeko ihesbide gisa. Bakoitzak jo nahi zuen bertsio proposamena ekartzen zuen estudiora eta horrekin entretenitzen ginen.
Halako batean hogei bertsioz osatutako abesti zerrenda bat genuen esku artean, eta jendaurrean jotzen hastea erabaki genuen.
Bertsioekin hasi zineten, eta orain abesti propioak dituzue.
Bai. Pandemia eta gero hasi ginen abesti propioak egiten. Ezin ginenez batu, abestiak egiten hasi ginen, eta hor erabaki genuen bertsioak alde batera uztea.
Ez dakigu taldearen genero musikala definitzen, hainbat generoren nahasketa delako: rock-and-rolla, punka, metala… Funtsean punkiak gara, baina genero musikala nahasketa bat da... XXI. mendeko punkiak gara.
Zeri abesten diozue?
Kantu batzuk goizegi jaikitzearen aurkakoak dira, lan egin nahi dutenen aurkakoak... goizean ziztatzen zaituzten gauza horiek. Abestiek asko hitz egiten dute gutaz. Azken abestiak pixka bat sakonagoak dira, eta geure burua txikitzen dugun moduaz hitz egiten dute, bizitzeko orduan geure buruari jartzen dizkiogun trabez. Entzuten badituzue, ulertuko duzue.
Nondik dator "Walter Ego" taldearen izena?
Alter ego-tik. Dibertigarria iruditu zitzaigun aldarte bati izen bat ematea. Eszenatokira igotzean jada ez zara gutunak postontzitik etxera igotzea ahaztu zaiona, bateria jotzen ari dena baizik.
Zuzenekoekin hasi zarete, zenbat kontzertu eman dituzue dagoeneko?
Gure abesti propioekin hiru daramatzagu. Lehen, bertsioak ziren gehienak, eta gure abesti bat edo bi sartzen genituen; orain, berriz, gure kantuak jotzen ditugu, eta bertsioren bat sartzen dugu. Pixkanaka bertsioak kentzen ari gara, abesti propioak sartu ahala. Ordubetean 7 abesti propio eta 4 bertsio egiten ditugu. Oraindik abesti asko daude tintontzian, bukatzear daudenak. Espero dugu zuzeneko bakoitzean gure abesti gehiago izatea bertsioak baino.
Zer moduz zuzenekoak zuen abestiekin? Zein da publikoaren erantzuna?
Asko harritu gaitu, jendeari gustatzen zaio. Ezin zara iritsi izugarrizko arrakasta izango duzula pentsatuz, eta gainera gustu musikalak oso desberdinak dira. Zerbait desberdina egiten saiatzen bazara, normalean gehiago kostatzen da. Harritu egin gaitu pixkanaka izan duen onarpenak, eta jendea pozik dago.
Kontzertu gutxi daramagu eta ahal duguna egiten dugu, baina oraindik aritzea falta zaigu. Espero dugu hemendik denbora batera sasoi hobean egotea.
Zer asmo duzue hemendik epe laburrera?
Egurra ematen jarraitu. Ez dugu ezer handirik nahi, gustatzen zaigulako jotzen dugu, baina disko batek ilusio handia egingo liguke guztioi, materiala ona da. Pausoz pauso, hurrengo urratsa izango da ia bukatuta dauden abestiak amaitzea, ondo grabatuta uztea eta diskoa kalera ateratzea. Eta hortik ondo pasatzen jarraitzera, horrela hasi baizen Waler Ego, ihesbide gisa.