Gaur, asteartero bezala, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak prentsaurrekoa eskaini du erakundeak hartutako erabakien berri emateko, eta Laudioko San Roke nagusien egoitzari buruz ere mintzatu da hitzartzearen amaieran. Gonzalezek azpimarratu du foru azpiegiturako langileak une oso txarrak pasatzen ari direla, batzuk beldur direla. Izan ere, euren profesionaltasuna eta gizatasuna bera ere kolokan jarri dituzte, bere aburuz.
Akusazio horien aurrean, Ramirezek "babes osoa" adierazi die beharginei. Halaber, salaketak "faltsuak" direla ziurtatu du. Ahaldun Nagusiak aipatu du Arabako herritar nagusiak esku onenetan daudela eta konfiantza osoa erakutsi die Laudioko langileei.
Akusazio horiek motibatu dituzten arrazoiei buruz baduela iritzia erantsi du Ahaldunak, baina pertsonala denez, nahiago izan du ez partekatzea.
Ramiro Gonzalezen Laudioko San Roke egoitzari buruzko hitzartzea 24:38 minutuan hasten da:
Zaintza Arabaren oharra
Zaintza Araba elkartearen oharra izan da Ramiro Gonzalezen erantzuna eragin duena. Ongizate Gizarteko Sailari bidalitako eskutitza zabaldu du taldeak, zentroko erabiltzaile bati (J.L.S.) bere portaera txarra dela eta ezarritako zigorra salatuz.
Erabiltzaile horren harira honako akusazioak egiten ditu elkarteak nagusien zentroko beharginen kontra: langileek ez diotela enpatiarik erakusten, tratamendua ez diotela ematen edota ez diotela otordurik eman gaixorik egon denean.
Horrez gain, bestelako kritikak egin dituzte. Esaterako, erabiltzaileak ez dituztela ibiltzen jartzen, pixohial ezegokiak jartzen dituztela edota inork ez dituela bisitak kontrolatzen.
Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizateko sailaren erantzuna
Ramiro Gonzalezek hitza hartu baino lehen, atzo bertan, Arabako Foru Aldundiko Gizarte Ongizateko atalak ohar oso luzea plazaratu zuen akusazio guztiak banan banan gezurtatzeko.
Ohar horretan, sailak azpimarratu du ez dagoela inolako salaketarik Laudioko San Roke nagusien egoitzaren kontra eta azken ikuskapenean ez zela inolako gertakaririk azaleratu.
Horrez gain, oharrak nabarmentzen du bai botikak zein pixohialen erabilera egokitzen direla erabiltzaile bakoitzak duen tratamendura. Halaber, gogoratu dute egoitza irekia dela, baina arratsaldeko txanda amaituta ateak ixten direla eta, hortaz, inor ezin dela sartu eta atera nahi duenean, besteak beste.
Modu berean, Foru Aldundiak aipatu du San Roke nagusien egoitzako langileen ratioek legeak ezartzen duena gainditzen dutela; hau da, legeak zehaztutakoa baino langile gehiago daudela erabiltzaileko: erizainen kopurua %316an gainditzen du ratioa, plaza psikogeiatrikoena %127an eta laguntza plazena %96an.
J.L.S.-ren egoera zehatzaren harira, Gizarte Ongizateko arduradunek argitu dute ezin dietela akusazioei behar bezala erantzun konfidentzialtasun legeen ondorioz, baina ziurtatu dute erabiltzaile horri eskaintzen dioten tratamendua ezarritako arau mediku eta teraupetikoen araberakoa dela.