Laudioko EAJk oharra zabaldu du exijitzeko EH Bilduri bi asteko epean batzorde informatiboa deitzea Jesus Guridi plazako eraberritze proiektua lantzeko. Jeltzaleek leporatu diote udal gobernu taldeari maiatzean onartutako mozioa ez betetzea eta batzorde hori egin ez izana. Izan ere, Ander Añibarro oposizioko talde nagusiko bozeramaileak azpimarratu du testuak hori jasotzen duela.
Halaber, EAJk adierazi du udal gobernu taldeak interes falta erakutsi duela proiektuan: "auzo-batzarretan auzoek egindako eskaeren ondorioz, Latiorro auzoko Jesus Guridi plazaren ingurua birmoldatzeko proiektua idatzi zen, espaloiak eraberritzeko, arrapala irisgarriak sortzeko, aparkaleku bat egiteko, argiteria publikoa berritzeko, saneamendurako, ureztatzeko, lorategiak eta bidegorriak jartzeko..."
Jeltzaleen iritziz, udal gobernu taldeak maiz aipatzen du herritarren parte hartzea, baina gero ez du hori islatzen bere jardueran.
"Lehentasuna" EH Bildurentzat
Aiaraldea Komunikabideak gaiaren inguruan galdetu dio udal gobernu taldeari eta honakoa erantzun du EH Bilduk: "Zalantzarik gabe, Jesus Guridi plaza eraberritzeko proiektua Gobernu Taldearen agendako lehentasunetako bat da".
Alkatetza duen koalizioak azpimarratu du proiektu hori landu nahi zutela hurrengo astean hasiko diren auzo batzarretan, baina Latiorroko Kontseiluak nahiago izan duela irisgarritasuna begirada zabalagoarekin jorratzea.
Gauzak horrela, udal gobernu taldeak honakoa iragarri du: "Auzo Batzarren prozesua amaitutakoan, asmoa da gaia lantzea Jesus Guridi plazako auzokideekin. Horretarako berariazko batzarra deituko dugu arratsaldez, auzokideengandik ahalik eta gertuen dagoen toki batean eta gaian inplikatutako udal teknikarien aholkularitza ere berton eskainiz".