Oraindik ez da ofiziala baina, zenbait hedabidek aurreratu dutenez, Antonio Aiz izango da Bilboko Portuko zuzendari nagusi berria. Iturri horien arabera, politikari laudioarrak datorren astean hartuko du kargua, URA agentziako zuzendari moduan lau urte igaro eta gero.
Aizek ibilbide luzea egin du politikan eta kargu publikoetan. Laudioko alkatea izan zen 1991 eta 1997 urteen artean. Urte horretan kargua utzi behar izan zuen epaitegien aginduz, Herri Batasunako zinegotzi bati udal langileen nominen gaineko informazioa ukatzeagatik. 2005etik 2013ra Euskal Trenbide Sareko idazkari nagusia izan zen. Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Azpiegitura sailburuorde izan zen 7 urtez, 2020an URA agentziako ardurak hartu zituen arte.
Orain, Carlos Alzagaren lekukoa hartuko du Aizek. Alzagak martxoan utzi zuen portuko zuzendaritza, Bizkaiko Foru Aldundiko Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Saileko diputatua izatera igarotzeko.