Laudioko Udalean hizkuntza politikaren diagnostikoa egin dute, Euskalgintzaren Kontseiluaren eskutik. Bertan, euskararen egoera zein den aztertu dute tokiko erakundearen barne eta kanpo jardueretan.
Galdetegia osatu dute horretarako, Euskal Herriko edozein herrirentzako baliagarria dena eta Kontseiluak sortutako Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena izan dute oinarri. Aurreko ostegunean egin zuten lehen emaitzen aurkezpena.
Udalaren politika "planifikatu eta eraginkorra"
Diagnostikoaren arabera, Laudioko Udalean hizkuntza politika “planifikatu eta eraginkorra” dago ezarrita.
Udalaren barne jarduerari dagokionez, 50 irizpide ebaluatu dituzte eta horietatik 38 betetzen dira. Udalean euskarari ematen zaion balio juridikoa erabatekoa dela eta herritarrek euskarazko zerbitzua jasotzea bermatzen dela ondorioztatu dute. Horrez gain, diagnostikoaren arabera, Udaleko langileek euskara doan ikasteko baliabideak dituzte eta lanpostu berri guztiek dute hizkuntza eskakizuna.
Hutsuneak
Bestalde, zenbait hutsune identifikatu dituzte. Esaterako, euskara lan-hizkuntza bezala jasota egon arren ez dago horretarako egituratutako unitaterik. Dirulaguntzak jasotzeari dagokionez, herritarrei begirako komunikazio jarduerak euskaraz egitea eskatzen da, baina ez da horren jarraipenik egiten. Gainera, langileen artean euskararen erabilera eta sentsibilizazioa lantzeko hobekuntzak ere izan behar direla ondorioztatu dute.
Kulturan, merkataritzan edota etorri berriei egiten zaien harreran sumatu dituzte hutsuneak hizkuntza politikei dagokionez, besteak beste
Udalaren kanpo jarduerari dagokionez, ebaluatutako 27 irizpidetatik 16 betetzen dira. Hauek izan dira landutako esparruak: hezkuntza formala, hezkuntza ez-formala, eremu sozioekonomikoa, hedabideak, ingurune digitala, kultura eta onomastika. Diagnostikoaren arabera, Udalak ahalik eta eremu gehienetan esku-hartzen du euskararen presentzia bermatzeko.
Hala ere, ondoriotzatu dute modu errazago batean egin zitekeela herrira bizitzera etorri berri diren pertsonei tokiko errealitate soziolinguistikoaren inguruko informazioa eta baliabideen eskaintza helaraztea. Merkataritzan, ordea, ez da hizkuntza irizpiderik ezartzen eta kulturaren programazioan ere hainbat hutsune identifikatu dituzte.
Behin betiko diagnostikoa
Diagnostikoa guztiz osatzeko, herritarrekin eta tokiko elkarteekin testua kontrastatu eta jasotako ekarpenak txertatu behar dituzte. Horretarako baliatu zuten, hain zuzen, iragan osteguneko aurkezpena. Ekarpen guztien bilketa egindakoan, diagnostikoaren behin betiko bertsioa plazaratuko dute.