Laudioko Udalak Auzo Batzarren ziklo berria hasiko du. Urriaren 23tik azaroaren 20ra izango dira bilerak. Aurretik, zortzi Auzo Kontseiluekin bildu dira eta bertan ateratako proposamenak “modu eraginkorrean” koordinatzeko eta abiarazteko egingo dituzte batzar hauek.
Erabakitakoaren inguruan hausnarketak egiteko tartea eta abian dauden proiektuen egoeraren berri izango dute herritarrek. Horrez gain, 2025eko aurrekontu kolaboratiboen aurrerapen bat emango dute. Udalak, herritarren inplikazioa “funtsezkoa” ikusten du, herritarrak saretzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko.
Dokumentu monografikoak erabiliko dira. Txosten hauetan, auzo bakoitzeko garrantzi handieneko gaiak nabarmenduko dira. Aztertzeko proposatzen dituzte gaiak hauek dira: erdigunean zarata, Gardean Santa Cruz berdegunea, Aretan gasolindegia, Arrañon interneterako konexioa, Latiorron Jesus Guridi plaza, Ugarte auzoan kirol-zelaiaren estalkia, landa-eremuan bolatokia eta Landaluzen bizilagunentzako lokal bat egokitzeko proiektua.
Haurtzaindegi zerbitzua ere izango da, herritar guztiek batzarretan parte har dezaten. Zerbitzu hau partaidetza@laudio.eus helbide elektronikora idatziz edo 688 80 01 32 telefono zenbakira deituz eskatu behar da.
Hauek dira Auzo Batzarren datak:
- LANDA INGURUA // Urriak 23, 18:30. Arraño Gela - Kultur Etxea.
- GARDEA // Urriak 30, 18:30. Gardeako zentro soziala
- LANDALUZE // Azaroak 4, 18:30. Arraño Gela - Kultur Etxea.
- ARETA // Azaroak 6, 18:30. Aretako Kultur Etxea.
- ERDIGUNEA // Azaroak 11, 18:30. Kasinoa.
- ARRAÑO // Azaroak 13, 18:30. Arraño Gela - Kultur Etxea.
- LATIORRO // Azaroak 18, 18:30. Latiorroko Ikastetxea.
- UGARTE // Azaroak 20, 18:30. Lezeaga Aretoa.