AGER MENDIETA

“LGBT zinemaren kasuan, pantailan islatuta sentitzea eta publikoari hori transmititu ahal izatea bizitzeko modu bat bilakatzen da”

Elene Abaroa Zorrozua 2024ko urr. 31a, 08:00

Ager Mendieta LesGaiCineMad zinema-jaialdiko kidea da. / A.M.

AGER MENDIETA zinemagile laudioarra da. Duela bost urte madrilera joan zen bizitzera eta bertan LesGaiCineMad zinemaldian hasi zen lanean. Jaialdiak LGTBIAQ+ gaiak lantzen ditu eta bera produkzioan eta koordinazioan aritzen da.

Nola hasi zinen zinemaren munduan? Betidanik gustatu zaizu?

Ikus entzunezko komunikazioa ikasi nuen EHUn, zinema txikitatik nire pasio zelako. Unibertsitatean nengoela Zinegoak festibala, Bilboko LGBTIAQ+ zinemaldia, ezagutu nuen eta bertan hasi nintzen zinemaldien munduan. Boluntario moduan hasi nintzen, film asko ikusi eta zuzendari mordoa ezagutu nituen.

Ondoren Madrilera joatea erabaki nuen zinemaren inguruan gehiago sakontzeko. Bertan zinema-kritikan espezializatu nintzen Madrileko Zinema eskolan, eta Filmoteka espainiarrean eta Matadero sorkuntza zentroan ibili nintzen. 2020. urtean LesGaiCineMad zinemaldian hasi nintzen boluntario.  2021. urtetik koordinazioan egiten dut lan. 

“Kolektibokoentzako oso garrantzitsua da zinema, pantaila baten bidez  gure nahiak, arazoak, eta atsekabetasunak partekatu ditzakegulako”

Zer da zinema mundutik gehien gustatzen zaizuna? Eta gutxien?

Gehien gustatzen zaidana, artearen bidez etengabe ikasi ahal izatea da. 

LGBT Zinemaren kasuan, pantailan islatuta sentitzea eta publikoari hori transmititu ahal izatea bizitzeko modu bat bilakatzen da. 

Gutxien gustatzen zaidana dauden soldata baxuak dira. Horrez gain, zinemaren munduan bizitza eta lana bereiztea asko kostatzen da, eta kasu askotan errealitatea distortsionatzera ere heltzen da. 

Zinemaren ze alorretan lan egiten sentitzen zara gustorago?

Ni kritikaren mundutik nator eta horrek liluratzen nau. Ez da soilik idaztea, askoz ere eremu gehiago hartzen ditu. Nire lanak esaterako, filmen programazioa, koordinazioa eta produkzioa barne biltzen ditu. 

Produkzioan, denetarik egiten da: festibala programatu, hitzaldiak eman, boluntarioak aurkitu, festak antolatu, gonbidatuekin egon, zinegileei harrera egin… Hor oso gustora sentitzen naiz.

Duela urte batzuetatik LesGaiCineMad zinema-jaialdian zabiltza lanean. Zer da zuretzako zinemaldi hori? Nola deskribatuko zenuke?

Duela 30 urte hasi zen LesGaiCineMad zinemaldia, Europako handienetako bat da. LGTBIAQ+ gaiak lantzen dituen festibala da eta nire parte ere bada kolektibokoa izanda eta zinemaren maitalea izanda. 

Ez dira pelikulak soilik, balio batzuk transmititzen ditu eta gizartean oso garrantzitsua da honen inguruan ikastea. Adibidez,  trans tematikak edo harreman sexu-afektiboak moduko gaiak lantzeak egiten du berezi zinemandi hau.

Nola hasi zinen festibalean lan egiten?

Madrilera heldu nintzenean LGBT festibalak aurkitzen hasi nintzen eta LesGaiCineMadekin egin nuen topo. Boluntario moduan hasi nintzen, janaria banatzen, mikrofonoak entregatzen, antolatzaileei languntzen eta antolatzen zituizten festa guztietara joaten. Bertan jende asko ezagutu nuen. 2020. urtean antolakuntzan hasi nintzen lanean. 

Ibilbide luzea duen jaialdia da, aldaketarik egon da hastapenetik orain arte publikoari eta filmei dagokienez?

Asko aldatu da festibala, batez ere sozialki. Duela 30 urte oso festibal klandestinoa zen. Tabernetan eta leku oso txikietan hasi zen.  Gizartearekin batera eraldatzen joan da. Horrez gain, nik asko sumatu dut azken urteetan publikoarekin konektatzeko erabiltzen den filmetako lengoaiaren aldaketa. Adibidez, orain asko gustatzen zaigu egile-filmak ekartzea edo gai hauek gehiago landu behar diren herrialdeertako filmak ekartzea ere. Publikoari dagokionez, lehen jende gehiago etortzen zen. Gaur egun zinema kontsumitzeko modu desberdinak daude eta programazio potente bat egin behar da publikoa erakartzeko.

Normalean, nolako harrera izaten du zinema jaialdiak?

10.000 pertsona izaten ditugu urtero gutxi gorabehera.Hiriarekin konektatzen saiatzen gara; institutuetara, instituzioetara eta zentro kulturaletara joaten gara zinemaldia aurkezten.  Ahalik eta publiko gehien erakartzen saiatzen gara. Sozializazio gune bat delako etortzen da jende asko, kolektiboko jendea islatuta ikusteko modu bat da.

Zenbat denbora lehenago hasten zarete zinemaldia prestatzen?

Martxoan hasten gara lanean. Normalean programazioaren antolaketarekin hasten gara.  Horretarako lehenengo, pelikulak ikusi behar ditugu, 500 film inguru heltzen zaizkigu urtero. Lauzpabost hilabete ematen ditugu horiek ikusten, programazioa erabakitzen eta urte horretako gaia zein izango den erabakitzen. Horrez gain, babesleekin bildu behar gara. 

Zer garrantzi uste duzu izan dezakela LGBTIAQ+ filmen zinemaldi batek?

Arteak eta kulturak balore batzuk transmititzeko balio dute. Zinemaldia jendea dibertitzeko, formatzeko eta zerbaiten parte sentzitzeko espazio bat da. Espazio seguru bat. Kolektibokoentzako oso garrantzitsua da zinema, pantaila baten bidez  gure nahiak, arazoak, eta atsekabetasunak partekatu ditzakegulako. 

Aurten azaroaren 13tik 24ra izango da LesGaiCineMad festibala. Zer aurreikuspen dituzue aurtengo ediziorako?

Aurtengo kartelean Itziar Castro aktorea omenduko dugu eta  Miguel Angel Sanchez, Fundacion Trianguloko fundatzaileari ere eskainiko diogu. Gure helburua beti izaten da jende gehiagorengana heltzea eta ahalik eta zinegile gehien erakartzea. Horrez gain beti saiatzen gara sare bat osatzen industriarekin konektatzeko eta industrian gure lekua izateko, gutxiengo bat garen arren gauza handi asko egiten ditugulako.

Etorkizunari begira zer proiektu dituzu?

LesGaiCineMaden hazten jarraitu nahiko nuke eta leku askotako filmak eramaten. Idazten ere jarraituko dut eta datozen proiektu berrietan parte hartzen. Horrez gain, Laudion bi urte daramatzat Harrotasunaren Eguna antolatzen eta horretan ere ibiliko naiz. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide