Larunbatean 19:00etan flamenko kontzertua eskainiko du Manuel Cuevas cantaor andaluziarrak Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan. Doako emanaldia izango da eta Antonio Caceresek joko du gitarra.
Andaluziar Etxeak antolatzen ditu kontzertu hauek eta aurtengoa XV. edizioa dute. Loli Solis elkarte presidenteak azaldu du baldintza bakarra jartzen diotela artistari Laudion aritzeko: Lámpara Minera deituriko saria eskuratu izana. "Bitxia da, lehiaketa hori Murzian egiten da, baina eragin eta ospe handia dauka Andaluzia", nabarmendu du Solisek.
Jaialdi horien helburua da jendearen artean flamenkoaren ezagutza sustatzea. "Izan ere, jende askok estereotipoak ditu musika horri dagokionez eta badirudi rumba tristeak baino ez daudela", azpimarratu du Solisek.
Hori dela eta, Manuel Cuevasek flamenkoaren barruan dauden genero anitzak jorratuko ditu: fandangoa, tarantosa, buleria...
Abeslariarekin batera Antonio Caceres gitarjolea egongo da oholtzan. "Unibertsitateko musika irakaslea da eta oso ondo konpontzen da Manuel Cuevasekin", aipatu du Solisek.
Andaluziar Etxeko presidentearen ustez, aukera oso ona da flamenkoan buru-belarri sarteko, kalitate handiko emanaldia izango baita. Horregatik, laudioar oro gonbidatu du Kasinora bertaratzen.