ANDREA SOLBIATI

“Baten herria ez da sorlekua, baizik eta bizitza eman dion lekua”

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko aza. 4a, 08:00

Bergamon du jaioterria Andrea Solbiatik. / Aiaraldea.eus

ANDREA SOLBIATI (Bergamo, 1973) italiarra da, eta duela 15 urte etorri zen Laudiora bizitzera, Vidrala enpresan lan egiteko asmoz.

Noiz etorri zinen Laudiora bizitzera eta zergatik?

Duela 15 urte inguru iritsi nintzen Laudiora, aurretik Bilbon egon ondoren. Vidralan lan egiten dut, eta, beraz, Bilbotik irtetean, leku ezin hobea iruditu zitzaidan bizitzera etortzeko. Urtebetez nire seme-alaben amarekin harremanean egon ondoren, ni Italian eta bera hemen, bietako batek mugitu egin behar zuen gure harremanean aurrera egiten jarraitu ahal izateko. Eta niri tokatu zitzaidan.

Zer gustatzen zaizu hemengo bizitzaz?

Lehenik eta behin, jendea nabarmendu nahi dut. Harrera ona egin didate hasieratik, lagun-talde batzuk izatera iritsi naiz, eta momentu ezinhobeak igaro ditut haiekin. Laudion gehien gustatzen zaidana udako igerilekua da. Luxua iruditzen zait igerileku olinpiko bat izatea, naturaren erdian, etxetik bost minutura. Eta, oro har, inguru pribilegiatu batean bizi garela uste dut, inguruan hainbeste mendi izanda. Azkenik, oso herri praktikoa dela uste dut, laua, bizitza errazten duten zerbitzu asko dituena.

Vidrala enpresan lan egiten duzu, eta dagoeneko 20 urte daramatazu bertan. Zelan?

Oso ondo! Oso gustura nago, eta harro. Enpresa handi bat gara, historia handiarekin, orainaldi polit batekin eta aukera handiak dituen etorkizun batekin. Proiektu asko ditugu, arlo guztietan, epe ertain eta luzean negozio iraunkorra eta errentagarria izateko.

Zer desberdintasun nabaritu duzu hemen bizitzearen eta Italian bizitzearen artean?
Nire ustez, alde nagusia da hemen oraindik gogo handia dagoela kalean egoteko, ardo batzuk hartzeko, hitz egiteko. Italiako herrietan galdu egin da hori. Asteburuetan, nire seme-alabekin Italiara joaten nintzenean, nire herria (Laudioren antzekoa), hutsik zegoen: mundu guztia merkataritza-guneetara joaten zen.

Euskara ikasteko aukera izan duzu? Eta euskal kultura?

Euskara ikastaro bat hasi nuen duela urte batzuk, enpresa barruan. Gaizki ere ez zitzaidan ematen, baina azkenean, hainbat arrazoirengatik, albo batera utzi nuen. Oinarrizko hitzak ezagutzen ditut. Bestelakoa da euskal kulturari edo Laudioko jai egun nagusiei dagokiena, hala nola Odoloste eguna, Txupinazo eguna, edo Dolumin Barikua. Saiatzen naiz egun horiek ez galtzen, edo ez denak behintzat.

Urteak daramatzazu hemen, zer dela eta erabaki zenuen geratzea? 

Arrazoi nagusia da beti nahi izan dudala nire umeengandik hurbil egon. Gainera, uste dut bizi-kalitate ona dagoela, Italian baino hobea. Itsasoa hurbil izateak ere laguntzen du.

Ze harreman duzu Italiarekin? Urte hauetan zehar harremana mantendu duzu?

Italiarekiko harremana mantendu egiten dut, noski. Urtean behin edo gehiagotan joaten naiz, batez ere udan. Pizza eta izozkia askoz hobeak dira, beraz, joaten naizenean aprobetxatu egiten dut.

Nongoa zaren galdetzen badizut, zer erantzungo zenuke?

Erantzun hau badakit. Baina erantzuna bitan banatuko dut. Lehenengo zatia, baten herria ez da sorlekua, baizik eta bizitza eman dion lekua. Eta bigarren zatia, hemengoa naiz, baina italiarra. Eta Olinpiadak, Eurokopa edo antzekoak iristen direnean, beti animatzen dut Italia.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide