ALAIN ALVAREZ MARTIN

"Lehen aldia da eraso homofoboa jasaten dudala lanean, baina parrandan beti gertatzen zait zerbait"

Aitor Aspuru Saez 2024ko urr. 25a, 16:30

Alain Alvarez MartinTxantxiku hanburgesategiaren aurrean. / Aiaraldea.eus

ALAIN ALVAREZ MARTINek (Areta, 2000) eraso homofoboa pairatu zuen Txantxiku hanburgesategian lanean ari zela. Gertatutakoa azaldu du.

Azalduko duzu nola gertatu zen eraso homofoboa?

Lanean ari nintzen Txantxikun. Larunbatetan gure itxiera ordutegia 01:00ak da. Ordu laurden lehenago neska eta mutil bat heldu ziren galdezka ea sukaldea irekita zegoen. Erantzun genien baietz, baina zerbait azkarra eta eramateko izan behar zela, ixtear geunden eta. 

Denbora nahiko egon ziren erabakitzen eta orduan esan ziguten bost hanburgesa nahi zituztela eta zati oso txikitan moztu behar nituela. Nik umorez erantzun nien hori ezin nuela egin, ze agian atera behar nuen erregela ere, neurtzeko guztiak tamaina berekoak ziren edo ez. 

Jende gehiago zegoen afaltzen eta barre egin zuten eta neskak ez zuen txarto hartu, itxuraz, baina mutilak esan zidan erregela hartu eta ipurzulotik sartzeko, gogoko dudalako hori.

Jarraian erantzun nion popatik hartzera joateko eta berak esan zidan ezetz, kalera joango zela eta popatik hartzera ni joateko, bistakoa zela gogoko nuela. Neskak, bere aldetik, eztabaidatzen zuen, baina argudiatzen, eta nik aipatu nion beste edozein jatetxera ez zela azken orduan helduko horrelako exijentziekin.

Azkenean, sartu nintzen sukaldean ez nuelako gehiago eztabaidatu nahi eta nire lankideek bota zituzten. Mutila sartzen saiatu zen berriro. Nire lankide bat atera zen eta gatazka amaitu zen. 

Aipatu behar dut neska itzuli dela barkamena eskatzera, baina mutila ez.

Arrunta da zure lanean homofobia pairatzea?

Lanean lehen aldia da gertatzen zaidala, baina nire eguneroko bizitzan bai, nahiko arrunta da. Parrandan ia beti, edo iruzkinen bat entzuten dut edo izotz zati bat botatzen didate... Beti.

Lanean nabaritzen dut jende bat gehiago urruntzen dela. Nik ulertzen dut badaudela bezeroak ez dutenak partekatzen nire aukera, baina ez dute inolako iskanbilarik sortzen. 

Nola eraman zenuen erasoa?

Asko aztoratu nintzen eta antsietatearekin joan nintzen lanera. Eurak asko joaten dira hurbil dagoen taberna batera eta ezinegona sortzen zidan horrek.

Neskak barkamena eskatu izanak balio izan dizu?

Bai, asko. Orain askoz lasaiago nago. Ziurtatu zidan ez dela berriro gertatuko. Hori ez dakit horrela izango den edo ez, baina eskertzekoa da barkamena eskatzea.

Lankideek babestu izana nola baloratu duzu?

Zoragarria izan zen, egia esanda. Bezeroek ere aurpegia eman zuten. Hortaz, oso ondo. Oso eskertua nago. Hurrengo egunean galdetu zidaten ea zelan nengoen eta baimena eskatu zidaten Instagram-en salatzeko gertatutakoa. Babes handia izan dut eta oso gustura nago horrekin.

Zer esango zenioke bezero bati horrelako egoera batean?

Lehenik eta behin, nik baino pazientzia handiagoa izatea. Agian ni berehala aztoratu nintzen eta ez nituen gauzak esan adeitasunez edo dotore. Edonola ere, espero dut ergelik ez izatea gu izorratzen lanean.

"Orain ez horrenbeste, baina beti egon da maritxuaren txantxa. Egia da azkenaldian nahikotxo murriztu dela, baina parrandan ateratzen naizenean, beti daukat gatazkaren bat metroan edo diskoteketan"

Parrandan gertatzen zaizu betidanik iruzkin edo eraso homofoboak jasotzea?

Bai, betidanik. Lagunen artean ere. Orain ez horrenbeste, baina beti egon da maritxuaren txantxa. Egia da azkenaldian nahikotxo murriztu dela, baina parrandan ateratzen naizenean, beti daukat gatazkaren bat metroan edo diskoteketan. 

Batzutan bada soilik nire hitz egiteko moduagatik. Jendeari esaten diot "rey" edo "nene" eta batzuek iraintzat hartzen dute. Zorionez, inoiz ez nau bakarrik harrapatu eta beti izan dut lagunen bat alboan. 

Homofobia oso errotuta dago orduan.

Oso. Badirudi ezetz, baina horrela da. Esaterako, ikastetxeetan presioa oso handia da gazteen artean. Niretzat bortitza zen dutxan sartzea, banekielako klasekide askok ez zutela nahi han egotea. 

Bestalde, justiziaren erantzuna ez da eredugarria. Duela lau urte hil zuten Samu eraso homofobo baten ondorioz eta orain izaten ari da epaiketa. Edonola ere, eraso matxistetan, oro har, justizia ez da oso azkarra. Zer hobetzeko dago erakundeen aldetik ere.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide