"Eman bultzada, indartu euskara. Agerreko uzta euskarari puzka" lemapean, Agerreko (alegia, Nafarroa erdi eta hegoaldeko) produktuz osatutako hiru saski eskainiko ditu Errigorak, eta eskuratzen duten diruaren %25 bideratuko dute zonalde horretako euskalgintza bultzatzera. Ohi bezala, Faktoria kutxen banaketa gunea izango da oraingoan ere.
Saski beltzean piperrak, zainzuriak, orburuak, kardua, potxak, borraja, tomatea, teilak, mahats zukua, ardo beltza, ilarrak eta patxaren mantekatuak daude, 55 eurotan.
Saski berdean, berriz, piperrak, zainzuriak, orburuak, txitxirioak, pasta, dilista lehorrak, ardo-ozpina, tomate frijitua, sagar zukua, konbutxa tea, txokopipitak, teila eko eta Haritz ardo beltza bildu dituzte, 65 euroko prezioan.
Eta, azkenik, saski gorrian Rosé ardo apartsua, ardo beltza, kriantza, ardo txuria, patxarana, mantekadak, polboroiak, txokolatezko molineritoak, zainzuriak, turroia, piperrak eta ardi-gazta daude, 75 euroren truke.
Bestalde, "Agertuz" karta-jokoa ere dago salgai 5 eurotan. Honen bitartez, Nafarroa erdi eta hegoaldeko herri eta baratzetan murgiltzeko aukera egongo da. 4 urtetik gorakoentzako bi joko bildu dituzte karta-sorta bakarrean. Informazio gehiago eskuratzeko klikatu hemen.
Urriaren 24ean abiatu zen kanpaina eta azaroaren 14ra arte egongo da indarrean.