Legebiltzarkide izateari utziko dio Julen Arzuaga Gumuziok. Hala iragarri du aretarrak sare sozialen bidez. Azaldu duenez, azaroan 12 urte beteko dira EH Bilduren Askatasun Demokratikoen idazkari eta legebiltzarkide izateari ekin ziola. Bere hitzetan, hamarkada honetan zehar "urrats esanguratsuak" eman dira bizikidetzan eta gatazka politikoa "konponbidean" jarri da.
"Preso politikoen auzia, biktimak, polizia eredua... gai delikatuak eta proiekzio mediatiko handikoak hartu ditut nire gain, askotan eragin pertsonal nabarmena izan dutenak", aitortu du aretarrak, eta nabarmendu du asko geratzen dela egiteko esparru horietan, nahiz eta duela 12 urte baino "dezente hobeto" egon. "Nahiko nuke pentsatzea nire ale txikia jarri dudala ibilbide horretan aurrerapausoak egon daitezen".
Hauxe da despedidea! pic.twitter.com/5rQN7LxJOU
— Julen Arzuaga Gumuzio (@julenaretakoa) October 29, 2024
Urkiola agentziako kudeatzaile
Arzuagak azaldu du bazuela oraingo ardurak uztea buruan, EH Bilduren kongresuan, baina erabakia aurreratu egin du kudeatzaile postua eskuratu duelako Durangaldeko Urkiola Agentzian.
"Izena eman nuen, eta beste 50 hautagairekin batera lehiatu ondoren dagokien prozesu administratiboan (merituak ebaluatu, elkarrizketak egin...), duela gutxi jakinarazi didate lehendabizikoa geratu naizela eta lanpostua eskaintzen didatela", azaldu du, nabarmenduz ez duela "aukera hau pasatzen utzi nahi".
Gauzak hala, "jatorrira" itzuliko dela aldarrikatu du aretarrak, Berrizko Udalean tokiko garapenerako teknikari moduan lan egiten zegoelako EH Bilduren ordezkari izatera pasa baino lehen.
Bukatzeko, Arzuagak eskerrak eman nahi izan dizkie elkarlanean aritu diren eragile eta pertsona guztiei, eta baita "horrenbeste pazientzia izan duten lagun eta familiari".
Nabarmendu duenez, aurrerantzean "militante xume" gisa jarraituko du jardun politikoan, "egia, justizia, memoria eta bizikidetzaren aldeko kausan".