Noiz hasi ziren Ealain eta Sevicia taldeen proiektuak?
Ivan Gines: Ealain, berez, 2021ean hasi zen eta ni urtebete beranduago sartu nintzen.
Josu Blanco: Seviciaren kasuan, 2021ean hasi zen proiektua, baina oso lasai. Konposatu ordez, inprobisatzen genuen eta lagunen artean biltzen ginen. Urtebete beranduago ekin genion serioago.
Metal taldeak dira biak, baina adar ezberdinekoak.
I. G.: Bai, Ealainen kasuan txirula-jolea dugu eta genero epikoagoa jorratzen dugu, dantzatzeko eta poza transmititzeko. Mitologia gaiak lantzen ditugu eta orain soinu heavyagoekin esperimentatzen ari gara.
Gure azken diskoan, Leyenda inmortal-en, nabaritzen da adar horretara jotzen ari garela. Gure erreferenteak dira Mago de Oz, txirula jotzen dugulako, baina taldeko kide bakoitzak eragin ezberdinak ditu. Orain power metalera mugitzen ari gara: Helloween, Powerwolf, Ensiferum...
J. B.: Gure soinua melodikoagoa da. Musika aldetik ezberdinak dira gure taldeak, baina antzekoak dira letretan lantzen ditugun gaiak: mitologia eta natura babesteko beharra eta pentsamendu kritikoa.
Teklatua badugu eta horrek soinu melodikoagoa ematen digu, batzutan arinagoa eta bestetan pisutsuagoa.
Gure aldetik, nahiko bilduta ditugu gure eraginak, baina baten bat aipatzekotan, hauek nabarmenduko genituzke: Gojira, System of a Down, Tribune, Children of Bodom, Parkway Drive... Metal modernoagoa, death metal apur bat...
Zenbat disko grabatu dituzue?
I. G.: Grabatu genuen lehenengo diskoa Corazón de mar izan zen. Askoz lasaiagoa zen, folk-rock eta heavy-folk. Orain zerbait pertsonalagoa egin dugu Leyenda inmortal diskoan. Duela astebete edo argitaratu genuen eta, esan bezala, nabaritzen da bilakaera eta kalitatea, hobetu dugu.
J. B.: Guk oraindik ez dugu ezer argitaratu, lanean gaude oraintxe bertan. Abestiren bat argitaratu dugu, baina ez dut gehiegi esan nahi, prozesuan gaudelako. Kontzerturen bat eman dugunez, jendeak ezagutzen ditu kanta batzuk.
Bihar elkarrekin joko duzue Sorgin Tabernan. Zer erakutsiko duzue?
J. B.: Seviciaren aldetik abesti multzo itxia daukagu. Diskoa oraindik ez dugu argitaratu, grabatu dugu, baina masterra prestatzen ari gara. Hortaz, abesti horiekin jarraitzen dugu, orain arteko kontzertuetan ondo funtzionatu dute. 45 minutu inguru joko dugu.
I. G.: Guk ordu eta gutxi joko dugu. Lehen diskoa eta argitaratu berria aurkeztuko ditugu. Bertsioren bat ere hautatuko dugu.
Zuzeneko asko eskaini dituzue?
I. G.: Bai, ez gaude bira batean, baina data asko ditugu disko berria aurkezteko. Kontzertuak egin ditugu Bilbon, Errioxan, Bartzelonan... eta Gasteizera eta Madrilera joago gara. Zuzeneko asko egin ditugu eta gehiago egin nahi ditugu.
Gure lehen taldea da. Gure kabuz bilatzen ditugu kontzertuak tabernetan, lagunen bidez, sare sozialetan... Jendeak gogoko du musika eta harrituta geratzen dira gazteak garelako musika mota hau egiten, grin handiarekin. Beste talde batzuetako kideek ere deitzen digute jotzeko.
Kontzertuetan jotzea ikasketa prozesua da. Batzuk hobeak edo txarragoak dira, lehenengoetan urduriago ginen, baina orain koordinatuago gaude eta zuzenekoa egonkortuago dago.
J. B.: Gure kasuan ez dugu diskorik oraindik plazaratuta, eta ez dugu gehiegi jo. Saiatu gara apur bat mugitzen, baina bostpasei kontzertu eman ditugu inguruetan.
Ivanek esan bezala, prozesu bat da eta norbera urduri egon edo ez, hasieran ez dakizu ezta non entxufatu behar duzun musika tresna, edo norekin hitz egin falta dena eskuratzeko. Orain gero eta hobeto mugitzen gara kontzertuan eta baita prestakuntzan ere.
Aurreiritzia da gazteek soilik musika urbanoa edota reaggetoia entzuten dutela. Zuek zer uste duzue?
I. G.: Oro har, bat-batekotasunaren gizartean gaude eta jendeak nahi du zerbait erraza entzuteko, baina azkenean musikarekin lotura izatea da. Gazte askok dute lotura hori musikarekin eta genero honek aurrera egingo du.
Badaude gazteak soilik reggaetoia entzuten dutena, jakina, baina badira ere, metalero sutsuak izan gabe, entzun eta gozatzen dutenak. Genero oso dibertigarria da eta aukera eman behar zaio, eta patxadaz entzun.
J. B.: Ez daukat asko gehitzeko. Egia da oso erraz heltzen zaigula musika asko eta oso komertziala, baina horrek ez du esan nahi gazteek hori baino ez dutela entzuten, gehiengoaren kasua bada ere. Nire ustez, gero eta gehiago entzuten dira musika estilo anitzak eta baita metala ere.
Nire aburuz, gero eta gehiago egongo da eta ikusgarritasun handiagoa du. Adibidez, Joko Olinpikoetan Gojirak jo zuen eta asko hitz egin zuten horri buruz. Hori positiboa da.
Laudion egon da musika komunitate bat -eta badago- punk, hardcore edota metalaren inguruan. Esaterako, bere garaian Laudio Metal zegoen. Zuek baduzue harremanik belaunaldi horiekin?
J. B.: Nire kasuan badut harremana beste talderen batean ere aritu naizelako, aurreko belaunaldietako jendearekin. Laudion laguntzen zaio estilo honi Orbeko Etxean, gehienbat, baina baita Drumgorri aretoan eta Sorgin tabernan ere.
I. G.: Laudio Metal ezagutzeko berandu heldu nintzen mundura, baina Orbeko Etxean eszena handia dago, oso leku ona da eta ekitaldi eta jaialdi interesgarriak egiten dituzte. Adibidez, duela gutxi Bilbao Death Fest izan zen eta ekarri zituzten underground talde anitz leku ugaritik. Grindcore eta death metal taldeak ikusteko aukera oso ona ematen dute.
J. B.: Ikusten da jende gaztea ere hurbiltzen dela. Agian ez da gehiengoa, baina badago.
I. G.: Jende guztiari eskatuko nioke Ealain zein Sevicia jarraitzeko sare sozialetan eta adierazi nahi dut ondo pasatzeko gaudela. Hortaz, hurbildu kontzertuetara.