Hasieratik izan zenuten argi ezkontza ospakizun handia egingo zenutela?
Xandra.: Elkarrekin hasi ginenetik argi geneukan ezkondu egingo ginela, eta ezkontza hori ahalik eta handiena izan behar zuela. Ezkondu ginenean nik 26 urte nituen, eta Xabik 33. Nire belaunaldikoen ezkontzen zen lehenengoetarikoa izan nintzen ni, eta gerora ez dira askoz gehiago ezkondu. Ni eta nire ingurukoak oso gogotsu geunden.
Elizatik ezkondu zineten, zerk bultzatuta?
Xabi: Tradizioa jarraitu nahi genuen. Txikitatik bizi izan duguna izan da, eta ezkondu ginenean udaletxean egitea ez zen oso ohikoa.
Xandra: Laudioko elizan egiteak ere ilusioa egiten zigun. Herri erdian dago, jendea etor zitekeen elizkizuna ikustera…
Xabi: Hor kontua da nik Gardeako elizan ezkondu nahi nuela, eta Xandrak Landaluzen. Laudion ezkonztea erabaki genuen, erdibidean dagoelako (barreak).
Ezkontza ospakizun erraldoia izan zen zuena.
Xandra: 250 pertsona gonbidatu genituen. Asko kostatu zitzaigun denak elkartzeko toki bat topatzea. Inguruko jatetxeek ez zuten hainbeste pertsonentzako espaziorik, eta guk ez genituen gonbidatuak bi aretotan banatu nahi.
Xabi: Bi urteko aurrerapenarekin gonbidatu genuen jendea, eguna bai ala bai gorde zezaten. Egundoko lana hartu genuen guztia antolatzeko.
Xandra: Gure kabuz antolatu genuen guztia, ez genuen orain hain ezagunak diren wedding plannerrik kontratatu: Gu arduratu ginen dekorazioaz, gonbidapenak diseinatzeaz, autobusak kontratatzeaz… batukada bat ere kontratatu genuen. Guztia gure kabuz.
Xabi: Karroza bat lotu nuen, bi zaldirekin, Xandrak herrian zehar buelta bat emateko.
Xandra: Egundoko festa antolatu genuen. Jende gazte asko elkartu ginen. Bi ezkontza berri atera ziren gure ezkontzatik.
Zeresana sortuko zuen horrelako ezkontza batek herrian.
Xabi: Gatikako jatetxetik bueltan, egunsentira arte luzatu zen jaia herrian. Hainbat tabernetan egon ginen eta jende nahikotxo batu zen.
Xandra: Eliza atarian ere jende asko elkartu zen. Flipatu egin nuen; asko eta asko ez ziren ezkontzako gonbidatuak!
Zenbat diru utzi zenuten ezkontza antolatzen?
Xandra: Dirutza utzi genuen ezkontzan. Ez dakit zehazki zenbat izango zen, baina 47.000 euro inguru.
Xabi: Janarian asko gastatu genuen, berriz ospatzekotan hortik murriztuko nuke. Azkenean jendeak festa nahiago du asko jatea baino.
Errepikatuko zenukete?
Xandra: Zalantzarik gabe! Egundoko jaia antolatuko nuke berriro! Aurten 10 urte bete direla eta, askok galdetu digute ea ez dugun errepikatu behar. Jendeak oso oroitzapen ona dauka.